Gizartea -

Abian da berriro epaiketa

Negoziatzaile batek 'Alakrana'ren piratak eta Al Kaida lotu ditu

Chris Joe 'Alakrana'ren bahiketan bitartekaritza lanak egin zituen presoak Auzitegi Nazionalean adierazi duenez, marinelak askatzeko 10 milioi euro jaso zituzten itsaslapurrek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Chris Joe Gobernuaren eta ''Alakrana'' atunontzia bahitu zuten itsaslapurren arteko bitartekari lanak bete zituen presoak pirata somaliarrak eta Al Kaidako Al Shabab taldearekin erlazionatu ditu. Gainera, itsaslapurrek 10 milioi euro jaso zituztela baieztatu du Joek.

Kamerundarra da Joe baina nazionalitate espainiarra du eta Soto del Real presondegian espetxe zigorra betetzen ari du. ''Alakrana'' atunontziaren bahiketaren epaiketari ekin diote berriro gaur, astelehena, Auzitegi Nazionalean. 2009ko urriaren 2an atxilotutako "Abdu Willy" eta "Raageggesey Adji Haman" ustezko pirata somaliarrak epaituko dituzte bertan.

Horren harian, Auzitegi Nazionalean deklaratzen izan da Chris Joe. Lekukoak azaldu duenez, bitartekari lanak egin zituen Afrikako herrialdeei buruzko ezagutza zabala duelako. Alabaina, kartzelaren zuzendariak eskatu zionez, Espainian atxilotutako itsaslapur somaliarrak Keniara eramango zituztela jakinarazi zien Joek.

Piraten jarrera bortitza

Bahiketa jazo zen garaian Canarias fragataren komandante zen Ignacio Frutosek ere deklaratu du gaur bideokonferentziaren bidez Auzitegi Nazionalean. Honen aburuz, epaitzen ari diren bi piratak atxilotu zituzten, Madriletik agindua jaso bezain laster.

Frutosek adierazi duenez, ez zituzten Somaliako agintariekin inolako harremanik izan. Gainera, piraten jarrera bortitza eta taldean antolatuta zeudela azpimarratu du komandante ohiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea