Gizartea -

Hitzaldia Kongresuan

Garoñako zentrala 2013an itxiko dutela berretsi du Zapaterok

Bestalde, Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du susperraldi ekonomikoa "iraunkorra" den arren, lanpostuak sortzea zaila izango dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak berretsi du Garoñako zentral nuklearra 2013an itxiko dutela, eta Espainian daude zortzi erreaktoreen segurtasun sistemak berrikusi egingo dituztela iragarri du.

Zapaterok Diputatuen Kongresuan egin ditu adierazpenok. Joan den astean Europako Batzordeak egindako bileraz informatzeko egin du agerraldia.

Bilera horretan, Bruselak neurri-sorta adostu zuen Europako zentral nuklearren egoera zehazteko.

Horren ildotik, Gobernuak jada abiatu du zentralen berrikuspen prozesua. Balizko lurrikaren ondorioak eta uholde arriskua neurtzeko ikerketa aginduko du, kostaldean zentral bakar bat badago ere.

Susperraldi ekonomikoa "geldoa" izango da

Bestalde, Zapaterok ohartarazi du susperraldi ekonomikoa "iraunkorra" bada ere, lanpostuak sortzeak "kosta" egingo duela eta prozesua "geldoa" izango dela.

Hitzaldian, Zapaterok azaldu du "azken adierazleek" erakusten dute susperraldiak aurrera jarraitzen duela, lanpostuak sortzeko erritmoa "nahiko ez bada ere".

Gobernuburuaren hitzetan, oraindik "asko dago egiteke", eta erreformekin jarraitzeko eskatu du.

Bere aldetik, Mariano Rajoy PPko buruak adierazi du Espainiako krisia gainerako herrialdeena baino handiagoa bada Zapaterok sortzen duen "konfiantza ezaren ondorio" dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea