Gizartea -
Euskara
Korrikak gizarte eragileen babesa jaso du euskararen normalizazioa bizkortzeko
'Aro berriari, klika' ekimena aurkeztu dute gaur, eta AEK-k hainbat gizarte eragileren babesa jaso duela iragarri du, tartean alderdi politiko eta sindikatuena.
eitb.eus | erredakzioa
AEK-k eta Korrikak euskararen normalizazioa bizkortzeko ekimena aurkeztu dute gaur, 30 gizarte eragilerekin batera.
'Aro berriari, klika' izeneko egitasmoa Pasaiako Albaola museoan aurkeztu dute, eta bertan izan dira eragileetako ordezkariak ere.
Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikaren arduradunak emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, ekimenak 30 gizarte eragileren babesa jaso berri du, euskararen normalizazioa lortzeko bidean "esanetatik konpromisoetara jauzi" egiteko konpromisoa hartu dutenak.
Hala, alderdi politiko, sindikatu, unibertsitate, gobernuz kanpoko erakunde eta abarrek arloz arloko konpromiso bilduma bat hartu dute beregain.
"Euskararen aroan gaude; orain da unea hizkuntza politika integrala abiatzeko eta garatzeko", azpimarratu dute AEKren eta Korrikaren ordezkariek.
Era berean, eta atxikimendu gehiago jasotzeko, Korrikaren webgunean atal berezi bat jarri dute martxan eragileen zerrenda luzatzeko.