Gizartea -
Emakumeen nazioarteko eguna
Donostiako Mugimendu Feministak martxoaren 8ko ekitaldiak aurkeztu ditu
Bizikleta martxa iragarri du Martutenetik erdigunera, eguerdian elkarretaratzea eta arratsaldean manifestazioa.
agentziak | erredakzioa
Donostiako Mugimendu Feministak bat egin du martxoaren 8ko greba feministarekin eta bizikleta martxa, elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dituztela iragarri dute.
Mugimendu Feministako ordezkariek Gipuzkoako hiriburuan emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez, "aurreko martxoaren 8an historia egin genuen, baina esan beharra dugu erakunde publikoen erantzuna ez dela gizarteak behar eta eskatzen duenaren mailar iritsi".
"Gizarte ituna" eskatu dute "herritartasun barneratzaile eredu berri" bat sortzeko eta "lan esplotazioaren, sexu generoaren eta arrazakeriaren hierarkia harremanak gainditzeko".
Era berean, "enplegu duina" eskatu du emakumeentzat, prekarietaterik gabea eta jardunaldi partzialak inposatu barik, "soldata arrakala eta behin behinekotasunarekin amaitzeko". Bestalde, etxeko enpleguak "balioa, aberastasuna eta gizarte ongizatea" sortzen dituela aitortzea exijitu dute, eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea.
"Genero Indarkeriaren Legea zabaltzea"ren alde ere agertu dira, "bikote harremanetatik haratago sortzen diren indarkeriak eta LGBTfobia adierazpenak barne hartu ditzan".
Martxoaren 8ko ekitaldiak
Azkenik, martxoaren 8ko ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete emakume guztiei. Hasteko, bizikleta martxa egingo dute Martuteneko presondegitik hasita; eguerdian elkarretaratzea egingo dute Boulevardeko kioskoaren inguruan, eta 19:00etan manifestazioa egingo dute Antiguako tuneletik Boulevarderaino.