Gizartea -

Hemeroteka

'Euskaldunon Egunkaria'ren ale guztiak digitalizatu dituzte Koldo Mitxelenan

Gipuzkoako Aldundiak edonoren esku jarri du, modu irekian eta testu guztiekin, 'Euskaldunon Egunkaria'ren hemeroteka osoa (1990-2003) online.

'Egunkaria'ren azala. Argazkia: Koldo Mitxelena
'Egunkaria'ren azala. Argazkia: Koldo Mitxelena
'Egunkaria'ren azala. Argazkia: Koldo Mitxelena

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaldunon Egunkaria-k 1990etik, jaio zenetik, 2003an epaile batek itxi zuen arte argitaratu zituen ale guztiak Koldo Mitxelenaren liburutegi digitalean daude jada ikusgai, modu irekian eta testu osoarekin.

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatu sozialistak eta Joan Mari Torrealdai Egunkaria itxi zutenean Administrazio Kontseiluaren buru zenak aurkeztu dute hemeroteka digitala Donostiako Koldo Mitxelena kultur zentroan.

Berria-k, Egunkaria-ren oinordekoak, paperezko edizioak jarri ditu, eta Aldundiak, enpresa espezializatu baten bitartez, digitalizazio prozesua burura eraman du. Gainera, OCR prozedura ezarri diote, bilaketak dataren eta hitzen arabera egin ahal izateko, eta testuekin zuzenean lan egin ahal izateko.

Torrealadaik eskerrak eman dizkio Foru Aldundiari hemeroteka digitalizatzeko egindako "lan handiagatik" Egunkaria-ren "zuzendaritzako kideen, kazetarien eta irakurleen" izenean.

Torrealdaik gogorarazi du "euskal kultur ekintzatik" sortu zela Egunkaria, "proiektu ekonomiko eta politikoetatik kanpo", baina "politikoki une zailak" zirela eta azkenean itxi egin zutela, "Konstituzioaren beraren aurka".

Torrealdaik salatu du "une onenean ostu" zietela proiektua, baina oraingo digitalizazioari esker "urte haietan munduan eta Euskal Herrian gertatu zenari buruzko bertsioa" irakur daitekeela.

Euskaldunon Egunkaria-ren hemeroteka KM liburutegiaren 'Atzoko prentsa digitala' atalean begiratu daiteke, eta baita Berria-ren webgunean bertan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Gaurko azken orduko albistea