Gizartea -

Martxoak 8

Emakume Hautetsien batzarrak etxeko lanen ardura 'sozializatzea' eskatu du

EAEko Emakume Hautetsien III. Batzarra egin dute Gernikako Juntetxean, eta bat egin dute Eudelek Emakumeen Nazioarteko egunerako idatzi duen adierazpenarekin.

Emakume Hautetsie Batzarra Gernikako Juntetxean. Argazkia: Efe
Emakume Hautetsie Batzarra Gernikako Juntetxean. Argazkia: Efe
Emakume Hautetsie Batzarra Gernikako Juntetxean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko alderdi politiko guztietako Emakume Hautetsien III. Batzarra egin dute gaur (200dik gora emakume), eta "etxeko lanen eta zaintzaren ardura sozializatzea" eskatu dute.

Batzarra Gernikako (Bizkaia) Juntetxean egin dute, eta joera politiko guztietako sei alkate eta zinegotzik adierazpena irakurri dute, Eudelek martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira idatzitakoa hain zuzen ere.

Adierazpen horretan, etxeko lanen "sozializazioa" aldarrikatzeaz gain, azpimarratu dute "estrategikoa eta oinarrizkoa" dela "denboraren erabilera orekatzea" berdintasun politikak eraginkorrak izan daitezen, "botere, ezagutza, diru eta enplegu alorrean aldaketak" eragiten dituelako.

Hori dela eta, EAEko udalei "zaintza lanak erdigunean" jarriko dituzten politika publikoak ezartzeko proposatu diete, berdintasuna "benetakoa eta eraginkorra" izango dela bermatze aldera.

Martxoaren 8rako Mugimendu Feministak deitu duen grebaren harira, emakumezko udal-langile eta hautetsiei greba egin dezaten erraztasunak emateko eskatu diete erakundeei.

Ekitaldi berean Atzo-Gaur-Beti errekonozimendua eman diete Maribel Arriortua zientzialariari, Izaron Andres abeslariari, Adela Andikoetxea baserritarrari eta Lourdes Moreno ekintzaileari.

Guztiek izan dute ahotan amek eta amonek euren bizitzan izan duten eragina, eta belaunaldi berriei esfortzuarekin eta pasioarekin edozer lor litekeela helarazi nahi izan diete.

Beti Jai Alai Dantza Taldeko emakumezkoek aurreskua dantzatu dute ekitaldian, eta Izaro Andresek "Gernikako Arbola" taularatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernika-Lumo bideoak Gizartea Eguneko albisteak Matxismoa Feminismoa