Gizartea -
Donostian
Emaztea laban batekin zauritzeagatik kartzelara bidali du epaileak
Ertzainek emakumea lurrean aurkitu zuten, gorputzean labankadaz egindako zauriak zituela. Antza, emakumezkoaren bikoteak labanarekin eraso egin zion eta berehala etxetik alde egin zuen.
Erredakzioa
Epaileak kartzelara bidali du iragan larunbatean bere emaztea laban batekin zauritu zuen 46 urteko gizonezkoa, gaur Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Erasoa Donostian gertatu zen, goizeko 10:00ak aldera.
Ordu horretan, Ertzaintzak dei bat jaso zuen erasoaren berri emanez. Gros auzoan emakumezko bat zaurituta zegoela jakin zuen poliziak.
Tokira heldu zirenean, emakumea lurrean aurkitu zuten, gorputzean labankadaz egindako zauriak zituela. Antza, emakumezkoaren bikoteak labanarekin eraso egin zion eta berehala etxetik alde egin zuen.
Aurretik egindako delitu batengatik, gizonezkoa kartzelan zegoen dagoeneko, baina hirugarren graduari esker, iragan larunbatean kalean egon zen. Epaileak bertan behera utzi du hirugarren gradua.