Gizartea -
Donostia
Milaka gipuzkoarrek adostasuna eskatu dute zaborren kudeaketan, GuraSOSek deituta
Elkarrizketaren bidez, datozen urteetarako Gipuzkoarako zaborren gaia elkarlanean adostea eskatu diote Aldundiari.
agencias | redacción
Ehunka lagunek parte hartu dute, GuraSOS elkarteak deituta, 'Esan baietz adostasunari eta osasunari’'goiburupean Donostian antolatutako manifestazioan. Hainbat sindikatu eta talde ekologistek ere bat egin dute deialdiarekin.
Datorren hilean Gipuzkoako Batzar Nagusietan hurrengo 14 urteetarako hondakinen plana onartuko dela eta, manifestazioan parte hartu duten eragileek eskatu dute zaborren errausketa alde batera uztea.
Hala, adostasunerako deia egin dute. Elkarrizketaren bidez, datozen urteetarako Gipuzkoarako zaborren gaia elkarlanean adostea eskatu diote Aldundiari. Izan ere, uste dute Zubietako plantan zaborra beste era batera trata daitekeela.
Joseba Belaustegi GuraSOSeko kideak salatu du erakundeek diotela "ez dagoela beste aukerarik eta beranduegi dela" erraustegia gelditzeko, baina errealitatea dela "gehiengo politikoak eta sozialak ez dutela bat egiten", eta erakundeek eta herritarrek bat egin beharko luketela "denon artean hobetzeko" zaborren kudeaketa.
Bestalde, Lorea Flores Euskal Herriko Greenpeaceren ordezkariak azpimarratu du bestelako sistemen alde egiten dutela, erraustegia kutsakorra delako.