Gizartea -

Espainiako zaharrena da

Garoña "berehala ixteko" exijitu du Eusko Legebiltzarrak

EAJk, PSEk, Aralarrek, EBk eta EAk Garoña ixtea eskatu dute, eta PPk kontrako botoa eman du. Espainiako Gobernuak baieztatu duenez, 2013an itxiko dute zentrala.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garoñako (Burgos) zentral nuklearra "berehala ixteko" exijitu dute gaur, asteartea, Eusko Legebiltzarrean EAJk, PSEk, Aralarrek, EBk eta EAk. PPk, berriz, kontrako botoa eman du. Espainiako zaharrena da Garoñako zentral nuklearra eta azken bi urteetan Legebiltzarrak birritan eskatu du ixteko.

Hala ere, EAJk eta CIUk Ekonomia Jasangarriaren Legeari jarritako zuzenketa onartu zenetik Legebiltzarrak bide horretan egindako lehen eskaera da honakoa. Espainiako zentral nuklearren bizitza luzatzeko proposamena egiten zuen aipatu dokumentuak.

Ekimena proposatzeko orduan, Mikel Arana Ezker Batua alderdiko ordezkaria kezkati agertu da gaur Legebiltzarrean, onartutako zuzenketa horren edukiaren aurrean. 2013ko uztailean zer gertatuko den galdetu du, Garoña zabalik egoteko baimena orduan bukatuko baita.

Bestalde, Garoñaren segurtasuna kolokan ez jartzeko eta alarma ez pizteko eskatu du Natalia Rojo sozialistak. Izan ere, Segurtasun Nuklearreko Batzordearen txostenek diotenez, "Garoñak segurtasun neurriak bete ohi ditu eta ez du zerikusirik Japonian jazo denarekin".

Itxiera 2013an izango dela berretsi du Espainiako Gobernuak.

Manuel Chaves Espainiako Gobernuaren hirugarren presidenteordeak baieztatu duenez, Exekutiboaren asmoa 2013an "Garoña ixtea" da. "Erabaki hori ez da aldatuko", Chavezen hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea