Gizartea -

OSOKO BILKURA

Genero indarkeria kasuetan zaintza partekatua ukatzeko bidea ireki du Legebiltzarrak

EH Bilduren ekimenez, Eusko Legebiltzarrak zaintza partekatuaren legea berrikusiko du.

Osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean
Osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak zaintza partekatuaren legea berrikusiko du genero indarkeria kasuetarako. Gaur egun, gurasoei zaintza partekatua ukatzeko beharrezkoa da haren kontrako epai irmo bat egotea edo epaileak babes neurriak ezartzea.

Legebiltzarreko osoko bilkurak EH Bilduk legea aldatzeko egindako proposamena onartu du.

EH Bildurek ekimenak ondorengoa proposatzen du, besteak beste, genero indarkeria kasuetan murgilduta dauden gurasoei, epairik edo epairik gabe, seme-alaben zaintza partekatua izatea ukatzea.

Horren arabera, seme-alabei gurasoekin harreman zuzena eta ohikoa izatea ahalbidetuko zaie, gurasoak genero indarkeriagatik auzipetuta daudenean eta biktima babesteko neurriak indarrean daudenean salbu. Horrez gain, ezingo du harremanik izan adin txikikoaren aurkako indarkeriagatik auzi batean nahastuta dagoenean.

Komunikazio eta bisita erregimenak epailearen aginduz bertan behera uztea ere eskatzen du EH Bilduren proposamenak, tratu txarrengatik epaitegietan auzibidea zabalik dagoenean, nahiz eta epai irmorik ez egon.

Talde politiko guztiek alde bozkatu badute ere, denek ez dituzte proposatutako aldaketa guztiak partekatzen.

EH Bilduren izenean Jone Goirizelaia legebiltzarkideak azaldu duenez, biktimak eta haurrak babestea da helburua. Horrez gain, epaitegiei "genero perspektiba" falta zaiela deitoratu du.

Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak jeltzaleen aldeko boto kritikoa azaldu du. Haren esanetan, gaur egungo legeak genero indarkeria kasuetan zaintza partekatua ez gauzatzeko adina mekanismo badaude. Hala ere, behin eztabaida zabaldutakoan, jeltzaleak legea bere osotasunean hobetzen ahaleginduko direla adierazi du.

Elkarrekin Podemoseko Eukene Arana legebiltzarkidearen esanetan, beharrezkoa da genero indarkeriaren biktima diren haurrak eta nerabeak babesteko bide berriak aurkitzea.

Alexia Castello PSE-EEko legebiltzarkidea ere kritiko mintzatu da. Haren hitzetan, sozialistek ez dute bat egiten proposamenaren erredakzioarekin. Hala ere, hausnarketa bat egitea beharrezkoa dela eta legearen aplikazioa aztertu behar dela uste du.

Azkenik, Nerea Llanos PPko legebiltzarkidea ere legearen erreforma egitearen alde agertu da, adin txikikoak babesteko.

Orain, legea aldatzeko lantalde bat eratuko da Legebiltzarrean eta bertan zuzenketa partzialak aurkeztu eta eztabaidatu beharko dituzte taldeek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak emakumeak Tratu txarrak Espainian Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Tratu txarren biktimak Matxismoa gaur Gurasoak  gaur