Gizartea -

Emakumearen Nazioarteko Eguna

Diskriminazioak, pobreziak eta analfabetismoak emakume izena dute

- 10 emakumetik 7 pobrezia mugaren azpitik bizi dira, eta irakurtzen eta idazten ez dakiten pertsonen % 64 emakumeak dira.

- Hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur munduan berdintasuna aldarrikatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat ahotsek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde oihukatuko dute gaur mundu osoan, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta.

Emakumeen egoera hoberen salatu duen kanpainetako bat elkarte ingeles batek egin du eta azken James Bond, Daniel Craig, du protagonista.

Bideo batean, aktore ingelesa emakume mozorrotuta agertzen da, emakumeek pairatzen dituzten tratu txarren eta diskriminazio datuak entzuten. Craigek ez ditu gustukoak datuak, eta beraz, emakume ile-ordea eta belarritakoak kendu ditu, egoera ikusita gizon izatea nahiago duela iradokitzen.

Elkarteek gaur mahai gainean jarri dituzten datuak ez dira batere baikorrak: Espainian, emakumeek gizonek baino 5.300 euro gutxiago kobratzen dituzte urtean, Ogasun Teknikarien (Gestha) ikerketa baten arabera, eta indarkeria matxistaren gaitza ez da sendatzen. Aurten, bikotekideek edo bikotekide ohiek 14 emakume hil dituzte dagoeneko, hots, iazko epe berean baino sei gehiago. Azken hilketa atzo bertan jazo zen, Fuente el Saz del Jarama herrian (Madril).

Lana eta familia bateragarri egiteko zailtasunak eta lan-merkatuaren diskriminazioa XXI. mendeko emakumearen beste oztopo batzuk dira. Adibide bat: Ibex 35ean kotizatzen duten enpresen administrazio kontseiluetan, emakumeak % 10,8 baino ez dira.

Mundu mailan, diagnosia larriagoa da, pobrezia eta analfabetismoa ere emakumeen gaixotasun baitira. Munduko Bankuaren esanetan, hamar emakumetik zazpi pobrezia mugaren azpitik bizi dira, eta irakurtzen eta idazten ez dakiten pertsonen % 64 emakumeak dira.

Aurten, Emakumearen Nazioarteko Egunaren 100. mendeurrena da, eta "hezkuntzan, prestakuntzan eta zientzia eta teknologian" berdintasuna eskatzea aldarrikatzea da NBEren gaurko helburua. Euskadin, emakumea gure gizarteko erabakitze-guneetan egotea da Emakunderen kanpainiaren oinarria.

Bere aldetik, Michelle Bachelet ''NBE Emakumeak'' erakundeko presidenteak hainbat plataforma sortzeko konpromisoa hartu du, sexu esplotazioa eta lan merkatuko diskriminazioa amaiatzea helburu. Erronka nagusietako bat, gainera, mundu arabiarrean emakumeen papera sustatzea izango da.

Hainbat ekitaldi

Emakumearen Eguna dela eta, hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur mundu osoan.

Gurean, Iruñean, hitzaldiak, kontzertuak, erakusketak eta zinema emanaldiak egingo dituzte; Donostian emakumeak omentzeko ekitaldia egingo dute Batzar Nagusietan; eta Bilbon eta Gasteizen manifestazioak egingo dituzte.

Madrilen, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak ekitaldi instituzional batean parte hartuko du, eta Berdintasun Balioen Dominak banatuko ditu. Aurten, Celia Amoros filosofoa, Soledad Puertolas idazle eta RAEko kidea, Soledad Gallego eta Susana Olmo (hil osteko aintzatespena) kazetariak eta Josefina Aldecoa idazlea dira saridunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea