Gizartea -

Goi-kargu berriak

Ezkontza homosexualak krisia gainditzeko oztopo dira, Rouco ustez

XCVII. Osoko Biltzarrari hasiera eman dio Rouco Varela Espainiako Gotzain-batzarreko presidenteak. Goi-karguak berrituko dituzte gaurtik aurrera eta baliteke Rouco berriro hautatua izatea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Kode Zibilak jasotzen duen ezkontza, sexu berdineko pertsonen arteko ezkontza barne, "familia krisia gainditzeko oztopoa" da, Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo artzapezpikua eta Espainiako Gotzain-batzarrako presidentearen aburuz.

Roucoren ustez, "benetako harremanik gabeko elkarbizitza batean" datza ezkontzaren egungo kontzeptua. Gainera, horrek "ondorio txarrak" ekarriko dituela ohartarazi du.

Artzapezpikuak nabarmendu duenez, "amodioaren egiaren ezagutza ezak min handia eragin du" eta "bizitza asko suntsitu ditu". Roucorentzat, amodioaren kontzeptua era okerrenean erabili da, bereziki, gazte heldugabeen arteko noizbehinkako harremanei eta sexu berdinen arteko pertsonen elkarbizitzari dagokionez.

Internet ere mintzagai izan du Espainiako Gotzain-batzarrako presidenteak. Bere aburuz, "topagune birtual eta benetako zentzurik gabeko harremanak" sustatzen dituzte Interneteko sare sozialek. Horri buruz ohartarazi die Roucok gazteei.

Gotzain-batzarraren karguak berrituko dituzte

XCVII. Osoko Biltzarra inauguratu du Madrilen Rouco Varelak. Bertan, Espainiako Gotzain-batzarraren goi-karguak berrituko dituzte, hala nola, presidentearena, presidenteordearena eta batzorde exekutiboarenak.

Baliteke Rouco Varela berriro hautatua izatea. Horrela, bere laugarren agintaldia beteko luke. 2008ko abenduan onartutako Estatutu berrien aburuz, Roucoren azken agintaldia izango litzateke, presidenteak jarraian bi hirurtekoan bakarrik egon daitezkeelako karguan.

Gainera, abuztuan 75 urte beteko ditu Roucok eta Aita Santuari dimisioa aurkeztu beharko lioke. Hala ere, Aita Santuaren baimenarekin, bere agintaldi berriaren amaierara arte egon liteke presidentzian.

Bozketa gaur gauean hasiko da. Hasierako galdeketa bat egingo dute eta gotzain bakoitzak hiru izen idatzi beharko ditu. Ondoren, behin behineko emaitzak jakitera emango dituzte eta bihar, asteartean, ekingo diote benetako bozketari (gotzain bakoitzak izen bakarra idatziz).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea