Gizartea -

Erasoa EHU-N

Gasteizen jipoitutako ikaslearen ustezko bi erasotzaileak, aske

Biktimarengana hurbiltzea eta Gasteizko campusean sartzea debekatu diete biei. Ez dira EHUko ikasleak eta futboleko talde ultrekin zerikusia dutela zabaldu dute.

Gasteizko Letren Fakultatea. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Gasteizko Letren Fakultatea.
Gasteizko Letren Fakultatea. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Letren Fakultateko ikasle bat jipoitzeagatik atxilotutako bi gazteak aske geratu dira, baina lesioak eragitea eta gorroto delitua egotzita. Biktimarengana hurbiltzea eta unibertsitatean sartzea galarazi die epaileak, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

20 eta 21 urteko gazteak dira akusatuak. Futboleko talde ultrekin lotuta daude, eta bietako batek aurrekariak ditu beste talde batzuetako kideekin liskarrean aritzeagatik. EHUko ikasleak ez direla argitu dute.

Gertakari honen harira, asteartean hirugarren lagun bat ere atxilotu zuen Ertzaintzak, baina aske utzi zuten gero.

Erasoa azaroaren 30ean jazo zen, ikaslea Espainiaren batasuna defendatzen duen talde baten hitzaldi batetik atera zenean, Letren Fakultatean. Burua estalia zeramaten hainbat lagunek jipoitu egin zuten, eta gaztea ospitalera eraman behar izan zuten.

Epailean aurrean deklaratu ostean, bi akusatuak aske geratu dira, baina debekatuta izango dute biktimarengana hurbiltzea eta Gasteizko campusean sartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Gizartea Gasteiz Albisteak