Gizartea -
Epaiketaren 6. egunean
Mari Luz Cortes itota hil zen, autopsiaren arabera
Auzitegiko medikuen arabera, neskatoa bizirik zegoen uretan murgildu zutenean. Santiago del Valleren osasun mentala aztertu dute eta medikuen aburuz, inputatuak ez du "inolako buruko gaitzik".
Erredakzioa
Auzitegiko medikuak deklaratzera deitu dituzte gaur, Mari Luz Cortes neskatoaren hilketaren epaiketaren seigarren egunean. Adituek azaldu dutenez, Mari Luz itota hil zen. Autopsiak dioenez, alga txikiak aurkitu zituzten neskatoaren hezur-muinean. Aurkikuntza horren ondorioz, uretan sartu zutenean Mari Luz bizirik zegoela ondorioztatu dute medikuek.&' || 'nbsp;
Gorpua Huelvako itsasadarrean aurkitu baino lau aste lehenago kokatu dute adituek heriotzaren data. Gainera, neskatoaren gorpua ahoz behera eta sakonera gutxiko uretan egon zela dio hilotzaren azterketak.
Autopsiaren arabera, kolpe batzuk zituen neskatilak buruan. Hala ere, "heriotzarekin harremanik ez" dutela ondorioztatu dute medikuek. Alabaina, sexu erasoaren aukera baztertu dute.
Santiago del Valle: "buruko gaitzik ez"
Akusatuen buruko gaitasuna aztertu duten auzitegiko medikuak ere egon dira deklaratzen, epaiketaren seigarren egunean. Bere txostenaren arabera, Santiago del Valle inputatuak ez du "inolako buruko gaitzik", nahiz eta ordainsari bat jaso gaitasun psikiko batengatik.
"Bere ingurunea une oro kontrolpean duen pertsona" da Santiago del Valle, medikuen arabera. Gainera, guztia kontrolatu dezakeela uste du. Bere arreba Rosa del Valle, berriz, "jakituna eta buru-argia da". "Adimen normala du eta deklaratzeko gai da", medikuek diotenez. Gainera, tratu txarren nahiz mehatxuen aukera ere baztertu dute.