Gizartea -
Mari Luz auzia
Isabel Garciak Poliziari: 'senarra da hiltzailea'
Santiago del Valle izan zen lehen unetik Poliziaren susmagarri nagusia. Isabel Garciak, neskatoaren hitzailea bere senarra zela aitortu zion Poliziari atxilotu zituzten egunean bertan.
Erredakzioa
Mari Luz auziaren desagerpenaz eta ikerketaz arduratzen den Poliziaren agenteak adierazi du, 2008ko martxoaren 25ean, atxilotu zituzten egunean, Isabel Garciak aitortu ziola neskatoaren hiltzailea bere senarra zela.
Epaiketaren laugarren saioan deklaratu duen agenteak esan du Mari Luz desagertu zen egunean Santiago del Valle oso urduri egon zela gaineratu ziola emakumeak eta senarrak "auzoan neskato baten desagerpenaren inguruan sortutako zalapartatik urrun mantentzeko" agindu omen zion.
Poliziaren agenteak gaineratu du, Del Vallek desagerpenaren egunean jantzi zituen arropak eta botak gau horretan bertan garbitu zituztela aitortu ziola emakumeak eta ondoren Huelvara alde egitea erabaki zutela.
Santiago del Valle izan zen Poliziaren susmagarri nagusia lehen unetik, horrela jakinarazi du lekuko gisa deklaratu duen agenteak. Deklarazio ofizialaren aurretik izandako elkarrizketa batean akusatuak berak erruduna zela esan ziola gaineratu du.
Geroxeago, ordea, abokatuari deitu eta deklaratzerakoan neskatilarekin egon zela onartu arren guztia "istripua" izan zela gaineratu omen zion.