Gizartea -

Auzitegi Nazionala

Medikuak: 'Alakranako marinelek antsietatea eta izua pairatu zuten'

Atunontzia aske utzi behar zutela jakinarazi zion Defentsako Estatu Nagusiko buruzagiari Gobernuak. Hiru medikuk deklaratu dute itsaslapurren aurkako epaiketan, zenbait soldadurekin batera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alakrana euskal atunontziko 36 marinelak artatu zituzten medikuek ziurtatu dutenez, "ia arrantzale guztiak negar egiten ari ziren" eta "antsietate eta izua pairatu" zuten askapenean. "Ia guztiek antsiolitikoak behar zituzten eta tentsio oso altua zuten", azaldu du erizain batek Auzitegi Nazionalean. Atxilotutako bi ustezko itsaslapurren aurkako epaiketan agerraldia egin dute medikuek.

Hiru medikuk deklaratu dute Cabdullahi Cabduwily Abdu Willy eta Raageggesey Hassan Aji itsaslapurren aurkako epaiketan, zenbait soldadurekin batera. Bahiketa 36 deliturengatik 220 urteko espetxe-zigorrak eskatzen ditu Jesus Alonso fiskalak. Alakrana 2009ko urriaren 2an bahitu zuten.

Auzitegiaren aurrean, tripulazio guztiak antsietatea zuela azaldu du Canarias fragatako mediku teniente koronelak, 47 egunetan zehar pairatu zuten "muturreko" egoeragatik. Horrela, marinel gehienak "izuturik" zeudela erantsi du.

Askapenaren berri eman zuen Gobernuak

Bestalde, atunontzia aske utzi behar zutela jakinarazi zion Julio Jose Rodriguez Defentsako Estatu Nagusiko (JEMAD) buruzagiari Gobernuak, Operazioen buruzagiak gaur adierazi duenez. Ontzia 2009ko azaroaren 17an utzi zuten aske, 47 egun bahituta eman ostean.

"Agintariek Defentsako Estatu Nagusiko buruzagiari Alakrana-ren askapenaren berri eman zioten agintariek", adierazi du Teodoro Lopez Calderon almiranteak lekuko gisa.

JEMADen gainetik politikariak ote dauden galdetu diote akusazioko abokatuek. Calderonek baietz erantzun du, "politikariak dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea