Gizartea -
Osasuna
Umetoki-lepoko minbiziari aurrea hartzeko programa Arabara zabaldu du Osakidetzak
Gaixotasuna garatu aurretik minbizi-lesioak atzemateko proba du oinarri. Programaren lehen fasea ekainean jarri zuten martxan Debabarrenan (Gipuzkoa).
EiTB.EUs
Osakidetzak, dagoeneko, hasi du Araban Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa zabaltzen; horretarako, 440 gutun bidali dizkie 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei. Gutun horietan, beren osasun-zentroko emaginarenera joateko hitzordua ageri zaie. Gutunak pasa den astean heltzen hasi ziren.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, datozen egunotan, zehazki abenduaren 3tik aurrera, Lakuabizkarra, Salburua, Zabalgana eta Lezako zentroetan eta azaroaren 30etik Agurainen probak egiten hasiko dira; horien bidez, umetoki-lepoko minbizia garatu aurretik minbizi aurreko lesioak antzeman daitezke. Minbizi hori emakumeetan eragin gehien duen hirugarrena da.
Bestalde, programak jarraitzen du gaurtik aurrera Gipuzkoan ere zabaltzen; bertan pasa den ekainean jarri zen martxan, esperientzia pilotu gisa, Debabarrenan. 88 gonbidapen bidali zaizkie Debagoieneko ESIko emakumeei; horiei ere hitzordua jarri zaie, azaroaren 30etik aurrera Arrasateko, Bergarako, Oñatiko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako osasun-zentroetara bertaratzeko.
Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur, proba hori egingo duen Araba ESIko zentroetako bat bisitatu du, Lakuabizkarrakoa. Bertan, lurralde horretan programa ezartzean "oso urrats garrantzitsua" ematen dela nabarmendu du; izan ere, horrelako jarduketen bidez, "minbizitik bizirik irteteko tasak handitzen laguntzen ari gara". Sailburuak berriz ere nabarmendu du Osakidetzak eta Osasun Sailak "prebentzioaren eta diagnostiko goiztiarraren alde apustu egiten jarraitzeko" duten konpromisoa, "bai eta programa horietara berdintasun-baldintzetan jotzekoa ere eta, horrela, egon daitezkeen desberdintasunak saihestekoa".
Programa hori pixkanaka ari da ezartzen; lehen urte honetan, 25 eta 29 urte bitarteko emakumeetan. Adin-tarte hori zabaltzen joango da, apurka, 2023 urtera arte; horrela, 65 urte arteko emakumeetara ere iritsi nahi da.
Datorren urtetik aurrera, gainera, Gipuzkoan oraindik zabaldu ez den ESIetara zabalduko da –Donostialdea, Goierri-Urola Garaia, Bidasoa, Tolosaldea–, bai eta Bizkaikoetara ere.