Gizartea -
Sexting-a saihesteko gida
'Irudi bat zure telefonotik ateratzean, kontrola galtzen duzu betiko'
INTECO erakundeak gida bat prestatu du, adingabeei zuzenduta, sexting deritzona saihesteko.
Erredakzioa
"Argazki bat zure sakelako telefonotik ateratzen denean, kontrola galtzen duzu betiko". Hori da, hain zuzen ere, sexting deritzona saihesteko helburuz adingabeentzat prestatutako gida batek ohartarazten duena.
Fenomeno hori oraindik heldu berria da Espainian, baina AEBetan oso ohikoa da. Honetan datza: Pertsona batek kutsu sexuala duen argazkia edo bideoa egitea bere buruari, eta ondoren pertsona horrek bera igortzea, sakelako telefonoa edo Internet erabiliz.
Artxibo horiek bikotekideari igortzeko egin ohi dira, eta ondorioz, argazkiaren egilea da banaketaren erantzulea.
Handik aurrera, baina, saretik mugitzen hasten da, eta Interneten egonda, edozeinek ikus dezake.
Horrenbestez, Komunikazio Teknologien Institutu Nazionalak (INTECO) eta PantallasAmigas webguneak gida bat prestatu dute, adingabeei zuzenduta, sexting fenomenoa saihesteko helburuz.
Gidak aurrez ikusten dituen arriskuen artean, honakoa dago: adingabeak arazo psikologikoak izan ditzakeela bere argazkia sarean ikusten badu.
Halaber, irudiak publiko direnez, Internet bidezko jazarpen kasuak sor daitezkeela eta argazkian agertzen diren adingabeak mehatxuen edo xantaien biktima izan daitezkeela ohartarazi dute.