Gizartea -

Sexu abusuak

Urte eta erdi zeukanetik aitak sexu abusuak egin zizkion Iñigori

Duela hiru urte tratamenduan hasi zen. Nahiz eta hobeto dagoen, jakin badaki bizitza osorako arrastoa utzi diotela umetan jasandako abusuek.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, azaroak 19, Haurren kontrako Gehiegikeria eta Tratu Txarren Prebentziorako Munduko Eguna dela eta, Garaitza elkarteak eraso horiek salatzeko kanpaina abiatu du, eta, besteak beste, 42 urteko Iñigok hartu du parte bertan.

Sexu-abusuen tratamendurako elkarteak kanpaina horren harira zabaldutako bideoan Iñigok kontatu duenez, urte eta erdi zituenetik 13 urte bete zituenera arte jasan zituen abusuak. Ondoren, 18 urtera arte, indarkeria fisikoa pairatu zuen.

Hori dela eta, umetan bizitakoak arrastoa utzi dio: kalte fisiko eta psikikoak, batetik, eta beste pertsona batzuekin harremanak izateko arazoak, bestetik.

Horregatik, duela hiru urte tratamenduan hasi zen. Hobeto dago, baina jakin badaki bizitza osorako arrastoa utzi diotela umetan jasandako abusuek.

Ildo horretan, Garaitza elkarteak jakitera eman du gehiegikeriak gizartearen maila guztietan gertatzen direla eta horien biktima direnek beste era bateko erasoak ere sufritzeko aukera gehiago dituztela; genero indarkeria, sexu abusuak eta mobbinga, adibidez.

Hartara, Haurren Kontrako Gehiegikeria eta Tratu Txarren Prebentziorako Munduko Egunaren kariaz, Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean elkarretaratzea deitu dute 19:00etarako.

Aitak sexu-abusuak egin zizkiola salatu du Miriamek, 46 urteko bilbotarrak

5 urte zituenetik 12 urte bete zituenera arte jasan zituen abusuak. "Haurtzaroa lapurtu zidan, eta horrek bizitza baldintzatu dit. Errudun sentiarazi ninduen, eta lotsa sentitzen nuen", azaldu du bideoan.

 

Pepe Godoyk entrenatzailearen sexu-abusuak sufritu zituen 8 eta 11 urte bitartean zituenean. Orain, 36 urteren ostean, barrenean zeukan sufrimendua erakustea erabaki du, eta salaketa jarri du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Delituak Gizartea Bideoak Umeak Sexu erasoak gaur