Gizartea -
Cabacas auziaren epaiketa
Bilboko ertzain-etxeko buruordearen arabera, ez zen garrantzitsua eskopetak bereiztea
Iñigo Cabacas larri zauritu zuten kargan erabilitako eskopetak gordetzeak ikerketan lagunduko ez zuela iritzi dio operatibo hartako arduradunetako batek gaurko saioan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzaren Bilboko komisariako buruzagiordeak esan du Iñigo Cabacas gomazko pilotakadaz zauritu zuten gauean ez zuela beharrezkotzat jo karga hartan erabilitako eskopetak bereiztea, gaztea larri zegoela ez zekielako.
Gainera, arma horiek godertzeak ikerketan lagunduko ez zuela adierazi du, eta erantsi du operatibo hartan "agente asko" izan zirela eta "edonork" esan zezakeela Iñigo Cabacas zauritu zen "testuingurutik kanpo" egin zuela tiro.
Athleticeko jarraitzailearen heriotza argitzeko epaiketaren bederatzigarren saioa egin dute asteazken honetan Bizkaiko Lurralde Auzitegian. 2012ko apirilaren 5ean, Ertzaintzak egindako oldarraldi batean larri zauritu zuten eta lau egun geroago hil zen Basurtuko Ospitalean.
Sei ertzain daude auzipetuta. Akusazio partikularrak lau urteko kartzela-zigorra eta sei urteko gaitasun-gabetzea a eskatzen du akusatu bakoitzarentzat. Fiskaltzak eta defentsak, absoluzioa galdegiten dute.
Datorren asteko asteartetik aurrera perituen txanda izango da, baina gaurko saioan lekuko gehiagok deklaratu dute epaiketan, tartean gaur hartan Bilboko kaleetan zegoen Deustuko polizia-etxeko buruzagiordeak eman du bere testigantza.
Epailearen aurrean azaldu duenez, 23:36ean jakin zuen Maria Lopez de Haroko kale-kantoia "zerbait" gertatzen ari zela eta hara joan zen, "Ugartekok aginduta”.
"Aurretik zer gertatu zen ez dakit, irratiko lehen kanaletik egin baitziren komunikazio guztiak", zehaztu du.
Plazara zazpi minutu geroago heldu zirela eta ordurako Iñigo Cabacas zaurituta zegoela esan du.
Gau hartan egindako kargan ertzainek erabili zituzten eskopetak ikuskatzeko zergatik bereizi ez ziren galdetuta, buruzagiordeak adierazi du une hartan oraindik ez zekitela Cabacasi heriotza eragin zion zaurian hain larria zenik.
"Agente asko izan ziren eta eskopetak hainbat tokitan erabili ziren, Iñigo Cabacas zauritu baino lehen eta ondoren; beraz, edonork esan zezakeen beste leku batean zegoela edo zauriak eragin aurretik edo ondoren egin zuela tiro", gaineratu du.
Horrenbestez, arma horiek bereizte eta gordetzea ikerketan lagungarri izango ez zela ondorioztatu zuela adierazi du.
“Istiluen kontrako ehunka operazio egin ditu Ertzaintzak. Kasu guztietan armak konfiskatuko bagenitu, hirugarren egunerako eskopeta gabe geratuko ginateke”, erantsi du.