Gizartea -

Hutsik dauden etxeen kanona

Arriolaren ustez, etxebizitzek 'zeregin soziala' bete behar dute

Bi urtez ageriko arrazoirik gabe hutsik dauden etxebizitzen jabeei metro karratu bakoitzeko 10 euroko kanona ordainaraztearen alde agertu da Iñaki Arriola Etxebizitza sailburua.

Radio Euskadi / Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi urtez jarraian, ageriko arrazoirik gabe, hutsik dauden etxebizitzen jabeei metro karratu bakoitzeko 10 euroko kanona ordainaraztearen alde azaldu da Iñaki Arriola Etxebizitza sailburua. Bere esanetan, etxebizitzek "zeregin soziala" bete behar dute. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Etxebizitzaren Legearen aurreproiektuak jasotzen duen kanon horren alde egin du Arriolak.

Etxebizitza sailburuaren aburuz, araudiak "berme handia" eskaintzen die jabeei; izan ere, hainbat arrazoi jotzen ditu etxea hutsik edukitzeko zilegitzat, hala nola etxebizitza aldaketa egiten egotea, lan nahiz gizarte arrazoiak edukitzea edota salgai zein alokairuan jarri izana.

Hala ere, "hutsik egoteko bidezko arrazoirik ez baldin badago, zeregin soziala bete behar dutela uste dugu", azaldu du sailburuak, "etxebizitza ez baita bakoitzak nahi duena egiteko ondasuna".

Justizia administrazioari eska dakiokeen eskubidea

Bestalde, epaitegien aurrean etxebizitza eskatzea eskubidetzat hartzeari ondo deritzo sailburuak. Bere aburuz, etxebizitza lortzeko zailtasun handiagoak dituztenei eskaintza publikoaren nahiz bestelako laguntzen bitartez etxea lortzeko bidea erraztu diezaieke "gure egungo gizarte aurreratuak".

Honekin batera, etxebizitza izatea "Konstituzioak bermatzen duen eskubidea" dela ekarri du gogora, eta Euskadik "eskumen osoa" duela gaineratu du.

Babes ofizialeko etxebizitzak, alokairuan

Alabaina, alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak "garestiak" direla adierazi du. Salgai jartzen diren etxebizitza babestuen kasuan, Administrazioaren inbertsioa "salmentaren bidez berreskuratzen da". Alokairuko etxe babestuen kasuan, ordea, ez. Hori dela eta, alokairuko etxebizitzetarako bidea epe luzerako aurreikusi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea