Gizartea -
Cabacas auziaren epaiketa
Lekukoa: 'Ertzainek hiltzeko egiten zuten tiro, eta ez airera edo lurrera'
Epaiketaren bosgarren saioan, hainbat lekukok azaldu dute anbulantzia bati dei ziezaiotela eskatuz ertzainengana hurbiltzen zirenean, agenteek "barrezka eta kolpeka" erantzuten zietela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketaren bosgarren saioan, hainbat lekukok berretsi egin dute Ertzaintza Maria Diaz de Haro kale-kantoira iritsi arte ez zela inolako istilurik izan, eta agenteak furgonetatik jaitsi eta berehala jendearen aurka kargatzen hasi zirela azaldu d dute. "Aurrez aurre, hiltzeko egiten zuten tiro", azpimarratu dute.
Bizkaiko Lurralde Auzitegian egiten ari diren epaiketan, sei ertzain daude auzipetuta. Akusazio partikularrak lau urteko kartzela-zigorra eta sei urteko gaitasun-gabetzea eskatzen du haientzat. Fiskaltzak eta defentsak, ostera, absoluzioa galdegiten dute.
Gaurko saioan, akusazio partikularraren zazpi lekukok eta defentsen beste bostek eman dute testigantza. Tartean izan da anbulantzia heldu artean Iñigo Cabacas artatu zuen erizaina.
Kontatu duenez, pertsona bat –Iñigo Cabacas- zaurituta zegoela ohartu zenean, harengana hurbildu zen laguntzeko asmoz. "Buruan zauri handia zuen eta odoletan zegoen", azaldu du. Bufandak erabili zituen odol-jarioa eteteko.
"Oso larri zegoela jabetu nintzenean, ertzain batengana joan nintzen, erizaina nintzela eta anbulantzia bati deitzeko eskatu nion, lotsagabeak eta hiltzaileak zirela oihukatuz eta mutil bati burua lehertu ziotela esanez", adierazi du negarrari eutsi ezinda.
"Ez nekien zer gehiago egin, ez zen normala anbulantzia batek Basurtotik horrenbeste denbora behar izatea hara heltzeko", kritikatu du. 112 larrialdi zerbitzura 23:42 inguruan deitu zuela esan du.
Anbulantzia iritsi zenean, Iñigo osasun langileen esku utzi zuela erantsi du. Esan beharrekoak esanda eta epai-gelatik atera baino lehen, Iñigoren gurasoak agurtu ditu.
Beste lekuko batzuek berretsi egin dute gau hartan kalezuloko plaza jendez gainezka zegoela eta ez zela inolako borrokarik edo liskarrik izan.
Halaber, ertzainak kargatzen hasi aurretik, furgoneten kontra objekturik bota zenik ikusi ez zutela adierazi dute.
Lekukoetako batek azaldu duenez, "inork ezer egin gabe, ertzainak ezker-eskuin hasi ziren tiroka". Beste batek ildo beretik hitz egin du: "Lehendabizi, bi furgonetan iritsi ziren, jaitsi eta inolako abisurik eman gabe kargatzen hasi ziren; laster furgoneta gehiago heldu ziren, jaitsi eta berehala kargatzeari ekin zioten".
Lekuko batzuen arabera, "aurrez aurre egiten zuten tiro; ez zuten airera edo lurrera tiro egiten, hiltzeko egiten zuten tiro".
Ertzaintza jendearen aurka oldartu ostean, "botila txiki batzuk" jaurti zirela esan dute, baina plazan bildutako jendeak kargu hartuta, gauzak botatzeari utzi ziotela gaineratu dute.
Anbulantzia bat eskatzeagatik borrarekin kolpatu zituztela salatu dute zenbait lekukok. "Mesedez, anbulantzia bati deitzeko eskatuz ertzain batengana hurbiltzen ginen bakoitzean, barrezka eta kolpeka erantzuten ziguten", kontatu du.
Lekuko batek esan du gomazko pilotakada batek sorbaldan eman ziola eta beste batek azaldu du agente batek metro bateko distantzian apuntatu ziola eskopetarekin.
Iñigo Cabacas zaurituta zegoela ohartarazteko 112 larrialdi zerbitzura deitu zuen lagunak ere deklaratu du gaurko saioan. Deia 23:40 inguruan egin zuen. "Medikuaren telefonoz ari nintzela, ertzain batek kale-kantoitik joateko agindu zidan, inolako azalpenik eman gabe eta anbulantziarekin hizketan nenbilela bazekin arren", azaldu du.
Bestalde, agenteek gaur hartan zeramaten arroparen kolorea ere izan dute hizpide. Gehiengoak adierazi du beltzez jantzita joan zirela. Beste lekuko batzuen arabera, berriz, ertzain batzuk beltzez zihoazen, baina beste batzuk gorriz.