Gizartea -
Pentsio duinak
Euskal Herriko pentsiodunek mobilizazio handi bat deitu dute abenduaren 15ean
Espainiako Gobernuak eta Unidos Podemosek adostutako ituna nahikoa ez dela uste dute, besteak beste, 1.080 euroko pentsio duina bermatzen ez duelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Herriko pentsiodunen plataformetako koordinatzaileek bilera egin dute gaur goizean Gasteizen, Espainiako Gobernuak eta Unidos Podemosek egin duten aurrekontu ituna aztertzeko.
Akordioak pentsioen sistema publikoa legez blindatzea eta 1.080 euroko pentsio duina bermatzen ez duela iritzita, mobilizazio handiak deitu dituzte abenduaren 15ean Euskal Herriko hiriburuetan.
Batzarra amaituta, adierazpen bat kaleratu dute, Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek egin duten nahikoa ez dela kritikatuz.
"Pentsioen sistema publikoa blindatzeko eta eskubidetzat aitortzeko konpromisorik ez dute hartu; pentsio duina ez dute aitortzen eta 2019tik aurrera pentsiorik izango den ez dute argitzen", salatu dute.
Gutxiengo pentsioari dagokionez, Espainiako Gobernuak % 3ko igoera agindu du, hots, 12-18 euro inguruko igoera, "eta hori gure aldarrikapenetik oso urrun dago, 1.080 eurok pentsio duina exijitzen baitugu".
Pentsioak KPIren arabera berritzeari dagokionez, EAJk eta Alderdi Popularraren Gobernuak 2018 eta 2019 urteetarako adostu zuten igoeraz ezer esan ez dutela erantsi dute. Itun hura bere mobilizazioen ondorio izan zela azpimarratu dute.
Horrez gain, euskal instituzioek Estatuak ordaintzen ez dituen pentsioak konpentsatzeko eta bertako gastu muga erabakitzeko eskumenik izango ez dutela salatu dute.
Lanbide arteko gutxiengo soldata 900 eurora igotzeko proposamena positiboa bada ere, nahikoa ez dela nabarmendu dute.
Gauzak horrela, Euskal Herriko pentsiodunek astelehenero egiten dituzten elkarretaratzeei eustea eta abenduaren 15ean mobilizazio handi bat egitea erabaki dute. Manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.