Gizartea -

Piraten aurkako epaiketa

'Alakrana'ko patroia 18 egun egon zen pijaman komunera joan ezinik

Ricardo Blach-ek Auzitegi Nazionalean azaldu duenez, piraten atxiloketa egin izana aurpegiratu zion 'Canarias' fragatako militar bati: "Ederra egin duzue", esan zion.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Blach Alakrana euskal atunontziko patroiak Raageggesey Hassan Aji eta Cabdullahi Cabduwily, ''Abdu Willy'', ustezko piratak 2009ko urriaren 2an ontzia bahitu zuten piratetariko bi izan zirela esan du Auzitegi Nazionalean.

Angela Murillo epailearen aurrean, patroiak akusatuei begiratu eta Hassan Aji gogoratzen duela esan du: "Ontziari eraso zioten pirata-taldeko kideek galtzerdi berdeak zeramatzaten jantzita", gogoratu du.

Blachen hitzetan, ustezko bi pirata horiek ez zioten kolperik eman, baina mehatxuak egin zizkioten. "Guztiek keinuak egiten zizkizuten, lepoa moztuko zizutela adieraziz".

Patroia lasai agertu da Auzitegi Nazionalean ''Alakrana'' ontziaren bahiketari buruzko epaiketaren lehen egunean. Atunontzia 47 egunez bahiturik egon zen 2009ko urriaren 2an Somaliako kostalde aurrean harrapatu ostean.

Bahiketaren nondik norakoak azaldu ditu gaur patroiak. Egunsentian, ''Alakrana'' arrantza egiteko sarea botatzeko prest zegoela, bi eskife heldu ziren sei lagunekin, guztiak armatuta, eta tiroka hasi ziren marinelak beldurtzeko.

"Orduan, Elias patroiak jipoi izugarria eman zidan", gogoratu du patroiak; "oso pertsona gaiztoa" zen, gaineratu du.

Lekukoaren arabera, hasiera batean 13 ziren piratak, baina bahiketaren amaieran 63raino igo ziren; "oso gogorra" izan zen. "Kalashnikov armak kargatzen zituzten behin eta berriro, gu beldurtzeko, eta marinelen jantokian pilatu gintuzten, mahai gainean, lo egin ezinik", adierazi du.

"Ederra egin duzue"

Bestalde, Atalanta segurtasun operazioaren menpeko ''Canarias'' fragatak bi piratak atxilotu zituen unea gogoratu du Blachek. Ildo horretan, Abdu Willy eta Hassan Aji ustezko piraten atxiloketa atunontziko zubitik ikusi zuela esan du. Ondoren, senideekin hitz egiteko aukera zuela ontzi militarrari dei egin zion.

"Militar batekin hitz egin nuen, eta publiko egiteko asmoa ote zuten galdetu nien. Baietz erantzun zidatenean esan nien: ederra egin duzue", azaldu du.

Blachek atxiloketa horien ondorioen beldur izan zela esan du; izan ere, gainerako piratek atxiloketen berri izan zutenean "gau beldurgarria" pasarazi zieten, "atxilotutako biak hil egin" zituztela uste baitzuten. Dena den, "hurrengo egunean, atxilotuetako bat zaurituta zegoela jakin zutenean, baretu egin ziren", aitortu du.

"Heriotzaren beldur izan nintzen askotan"

Blachen hitzetan, piratek balak soinean gurutzatuta zeramatzaten, "Pancho Villa film batean bezala", esan du. Ildo horretan, "heriotzaren beldur izan nintzen askotan", adierazi du.

"Egun izugarriak izan ziren. 18 egun egon nintzen pijama jantzita eta komunera joan ezinik. Pixa egin nuen gainean askotan komunera joaten uzten ez zidatelako. Pixarekin zikindu egin ninduten", esan du.

"Drogaturik egoten ziren beti, goizean hasten ziren eta gauerako oso gaizki zeuden guztiak. Borrokan jarduten ziren etengabe. Arrisku etengabea ziren", gaineratu du patroiak.

Ontzia askatzeko ustez ordaindutako erreskateari dagokionez, patroiak ez zuen ikusi bahisaririk eman zietenik.

Epaiketak bihar jarraituko du, beste hiru tripulatzaileren deklarazioarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea