Gizartea -
Indarkeria matxista
Hamar emakumek gizon bat salatu dute, 'engainatuta' argazkiak biluzik ateratzeagatik
Akusatua Haritz Varela da, Sortuko militante izandakoa. Kasua ezagutzean kanporatu zuten ezker abertzaletik. Epaileak deklaratzera deitu du.
EITB.EUS
Gizon baten aurka hamar salaketa jarri dituzte Donostiako epaitegian, engainua erabilita hainbat emakumeri argazkiak biluzik egitea leporatuta.
Gizonezko hori Haritz Varela da, Sortuko kide izandakoa. 2017ko uztailean kanporatu zuten ezker abertzaletik, bere "erreferentzialtasuna" baliatuta emakumeei biluzik argazkiak ateratzeagatik. Donostiako Piratak elkarteko partaidea ere bazen, baina handik ere kaleratu zuten.
Biktimek azaldu dutenez, proiektu baterako emakumeak eta gizonak biluzik agertzen diren argazkiak behar zituela kontatzen zuen, baina gezurra zen: emakumeengana jotzen zuen beti eta irudiak beretzako gordetzen zituen.
Hamar emakumek kasua auzitegian salatzeko urratsa eman zuten, eta prozesu judiziala aurrera doa. Epaileak salaketak tramitera onartu ditu eta akusatua deklaratzera deitu du.
Hala ere, Varelak engainatutako neskak 40 inguru direla ohartarazi dute.
Bestalde, gaur arteko bidea ez dela erraza izan azpimarratu dute emakumeek, besteak beste, kasua publiko egin zenetik haien testigantza zalantzan jarri delako eta epaitegien izaera matxistagatik.