Gizartea -
2018ko Nobel Sariak
Ashkin, Mourou eta Strickland fisikariek irabazi dute Nobel Saria
Arthur Ashkin, batetik, eta Gerard Mourou eta Donna Strickland, bestetik, saritu dituzte Fisika Nobel Sariarekin, "laserren fisikaren alorrean egindako aurrerapen iraultzaileengatik".
M. D. | eitb.eus
Arthur Ashkin, Gerard Mourou eta Donna Strickland fisikariei eman die Fisikako Nobel Saria Suediako Zientzien Errege Akademiak, "laserren fisikaren alorrean egindako aurrerapen iraultzaileengatik".
"Pintza optiko txikiengatik eta horien aplikazioagatik sistema biologikoetan" saritu dute Ashkin estatubatuarra.
Monrou frantziarra eta Strickland kanadiarra, bestalde, "intentsitate altuko pultsu optiko laburrengatik" sartitu dituzte.
"Aurten saritu ditugun aurrerapenek fisika laserra irauli dute", esan du Akademiak. 9 milioi koroa suediar (milioi euro baino gehiago) emango diete.
Nobel Sariak ematen dituen Akademiak azaldu duenez, Ashkin, Mourou eta Stricklanden "doitasun-instrumentu aurreratuak esploratu gabeko ikerketa area berriak eta askotariko erabilerak irekitzen ari dira industrian eta medikuntzan".
Argiaren presioarekin objektuak mugitzea
Arthur Ashkinek pintza optiko batzuk asmatu zituen, laser izpien bitartez partikulak, atomoak, birusak eta beste zelula bizidun hartzeko. Erreminta honi esker, Ashkinek zientzia fikzioaren aspaldiko amets bat egi bihurtu zuen: argiaren erradiazioaren presioa erabiltzea objektu fisikoak mugitzeko. Partikula txikiak izpiaren erdigunera bultzatzeko eta bertan mantentzeko argi laserra eskuratu zuen.
Aurrerapen garrantzitsuetako bat 1987an egin zuen. Ashkinek pintzak erabili zituen bakteria bizidunak kaltetu gabe harrapatzeko. Berehala, sistema biologikoak eta pintza optikoak ikasten hasi zen. Gaur egun, asko erabiltzen dira biziaren nondik norakoak ikertzeko.
Laser bidezko kirurgia optikoaren oinarria
Bestalde, gizakiak sortutako pultsu laserrik laburrenen eta intentsitate handikoenen bidea ireki zuten Gerard Mourouk eta Donna Stricklandek. 1985ean argitaratu zuten artikulu iraultzailea, Stricklanden doktore tesiaren oinarria izan zena.
Ikuspegi burutsu bat erabilita, intentsitate handiko oso pultsu laser laburrak sortzea lortu zuten, material handigailua suntsitu gabe. Lehenengo, denboran luzatu zituzten pultsu laserrak, potentzia maximoa murrizteko. Gero, anplifikatu egin zituzten, eta azkenik, konprimatu. Pultsu bat denboran konprimatzen eta laburrago egiten bada, argi gehiago bildu daiteke espazio txiki berean, eta pultsuaren intentsitateak drastikoki egingo du gora.
Strickland eta Mourouren teknikoa berria, CPA (Chirped Pulse Amplification) izenekoa, laster intentsitate handiko laserretarako estandarra bilakatu zen. Urtero egiten diren kirurgia optikoetan erabiltzen da.