Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume batek sexu erasoa salatu du Bilbon
Ertzaintza ostegun goizaldean jazotako erasoa ikertzen ari da.
EITB.EUS
Emakume batek salaketa aurkeztu du Bilbon ostegun goizaldean jasandako sexu eraso bat dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Iturri berberen arabera, Ertzaintzak atestatua zabaldu du, eta jazotakoa ikertzen ari da. Polizia autonomikoak ez du bestelako datu edo xehetasunik eman nahi izan.
Udalaren gaitzespena
Bilboko Udalak "erabat" gaitzetsi du "eraso matxista", eta herritar guztiei eskatu die "ez izateko eraso sexistaren konplize eta, ondorioz, tolerantziarik ez izateko" horien aurrean.
Bilboko Udaleko alderdi politikoek adierazpen bat onartu dute gaurko erasoa salatzeko, "integritate fisiko eta moralaren aurkako atentatua" delako, "giza eskubide guztien urraketa onartezina eta larria" den heinean.
Hori horrela, "babes osoa" helarazi die emakumeari eta bere gertukoei.
Udalak gogorarazi duenez, horrelako sexu erasoak "gizartean eta egunerokoan, eremu publiko zein pribatuan, dagoen indarkeria matxistaren isla dira" eta, horren harira, "emakumeekiko errespetu falta guztiak errefusatu" ditu, "keinu eta jarrera sexistetatik eraso bortitzenetara".
Bilboko Udalak gaitzespen ekitaldietan parte hartuko du eta biktimen esku jarri du Genero Indarkeriaren Arretarako eta Prebentziorako Programa.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.