Gizartea -
Ikasturte Hasiera Ekitaldia
Ikastolek eredu pedagokiko propioa sendotzeko asmoarekin hasi dute ikasturtea
Hezkuntza Legea, euskara, inklusioa eta Seaskaren eta Frantziako gobenuaren arteko gatazka presente egon dira Ikasturte Hasierako Ekitaldian, Atarrabian.
eitb.eus | erredakzioa
Ikastolen Elkarteak 2018-2019 ikasturtearen hasiera ekitaldia egin du Atarrabian (Nafarroa), eta ikastolen "eredu pedagogikoa sendotu eta indartu" nahi duela berretsi du.
"Elkarrekin, hezkuntza eraldatzen" lelopean, Euskal Herri osotik iritsitako ikastoletako ordezkariak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Maria Solana, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburorde Olatz Garamendi, Atarrabiako eta Burlatako alkateak, eta hezkuntzako, politikako eta euskalgintzako ordezkari ugari bildu dira ekitaldian.
Koldo Tellitu elkarteko lehendakariak esan du "curriculum ofizialetik harago" joan nahi dutela, "ikastolen artean sareak ehunduz, eta nazioarteko elkarlan pedagogikoa sakonduz".
EAEn lantzen hasiko diren Hezkuntza Lege berriari dagokionez, esan du "lege horrek ez dituela bilduko bakoitzaren helburu eta nahi guztiak, baina, era berean, denok islatzen gaituen lege bat izan behar duela". Horren harira, uste du "Hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean mugarri izan daitekeen Hezkuntza Lege berri baterako bidean urrats bat" izan daitekeela.
Ikastoletan ikasleen euskararen ezagutza maila jaitsi egin dela aitortu du Tellituk, baina "kanpo faktoreen ondorio" izan dela, prentsa-oharrean azaldu dutenez.
Hezkuntza arloan puri-purian dagoen segregazioaren gaiari dagokionez, elkarteko lehendakariak argitu du "garaiz kanpo matrikulatzen diren ikasleen eskolatzean erabiltzen diren irizpideek eragozten dutela ikastolei dagokien atzerritar jatorriko ikasleen kopuruetara iristea".
Seaska
Ipar Euskal Herriko ikastolen auzia ere izan du hizpide, "etengabeko hazkundean" dauden arren, "Frantziako Gobernuak jartzen dizkien oztopoei aurre egin beharrean baitira": "Metropolitik periferia gobernatzen dabilen kolonialista baten gisan ari da jokatzen Macron presidentea Seaskarekin".