Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gipuzkoako Auzitegiak Cabezudo auziaren lehenengo epailea baztertzea berretsi du
Ministerio Publikoak, berriz, uste du epailearen aurkako kereila atzera bota ostean, jatorrizko epaileak hartu beharko lukeela berriro ardura.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Auzitegiak berretsi egin du Ana Isabel Perez Asenjo epailea, Kote Cabezudoren auzia zeramana, baztertzea. Sexu-gehiegikeriengatik epaitzen ari dira Cabezudo, eta epaile hori baztertu egin zuten biktimek bere kontra kereila aurkeztu ostean.
Kereila horretan, akusazio partikularrak utzikeria leporatu zion magistratuari, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kereila atzera botatzea erabaki zuen, bere jarduera ez zelako legez kanpokoa izan.
Perez Asenjo behin behinean apartatu zutenean, Julian Garcia Marcosen esku geratu zen auzia, eta horrek, Auzitegi Nagusiak kereila atzera bota zuela ikusita, auzia jatorrizko epailearen esku uzteko aukera proposatu zuen.
Kereilari buruzko erabakiak, hala ere, akusazioaren helegitea jaso zuen, eta horren aurrean, Gipuzkoako Auzitegiak, Fiskaltzaren eta defentsaren irizpidearen aurka, Asenjo bazterrean uztea erabaki du.
Ministerio Publikoak, berriz, uste du epailearen aurkako kereila atzera bota ostean, jatorrizko epaileak hartu beharko lukeela berriro ardura.
Kote Cabezudori modeloei sexu-gehiegikeriak egitea, iruzurra, sexu-erasoa eta haur-pornografia leporatzen diote, besteak beste, eta preso dago behin behinean Martutenen.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.