Gizartea -
Heriotza
Deustun etxegabe bat kalean hil dela salatu dute
BesteBi plataformatik jakinarazi dutenez, Juan Carlos zuen izena eta igandean hil zen, 53 urterekin. Hilaren 27an elkarretaratzea egingo dute hildakoaren omenez eta baliabide gehiago eskatzeko.
M.G | erredakzioa
Aurreko igandean, irailaren 16an, etxegabe bat hil zen Bilboko Deustu auzoko Done Petri plazan, BesteBi plataformatik jakitera eman dutenez.
Etxegabeen egoeraz arduratzen diren elkarteak biltzen dituen plataforma horretako Borja Agirre bozeramaileak eitb.eus-i azaldu dionez, Jose Carlos izena zuen hildakoak, eta 53 urte zituen.
Urte asko omen zeraman kalean bizitzen, eta denbora luzea Deustuko Done Petri plaza ezagunean. Horregatik, bertako taxilariek ezagutu egiten zuten, eta haiek izan ziren Jose Carlos gaizki ikusi eta anbulantziari deitu ziotenak. Baina larrialdi-zerbitzuak iritsi zirenerako hilda zegoen.
BesteBi plataformak elkarretaratzea deitu du irailaren 27an, Done Petri plazan bertan, Jose Carlos bizi zen lekuan, hari omenaldia egin, eta erakundeei baliabide gehiago eskatzeko.
Izan ere, Agirrek adierazi duenez, Bilbon aterpe zerbitzua badago, "beste toki batzuetan baino hobea", baina "heriotza hauekin ikusten da ez dela nahikoa eta gehiago egin daitekeela".