Gizartea -
Epaiketa Gasteizen
Alicia haurtxoa nahita hil izana egotzi dio zinpekoen epaimahaiak akusatuari
Gizonak aitortu zuen 17 hilabeteko umea leihotik behera bota zuela, baina haren defentsa burua nahasita zuela argudiatzen saiatu da epaiketan. Haurraren ama hiltzen saiatu izana ere leporatu diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alicia haurtxoaren hilketagatik epaitutako gizona errudun jo du zinpekoen epaimahaiak. 2016ko urtarrilaren 25ean hil zuen 17 hilabeteko umea, Gasteizko etxebizitza bateko leihotik behera botata.
Arabako Lurralde Auzitegian asteon egindako epaiketan, Danielek aitortu du haurra leihotik behera bota zuela.
Halaber, zinpeko epaimahaiak haurraren ama hiltzen saiatu izana ere leporatu dio. Amak 18 urte zituen gertakariak jazo zirenean, eta Danielek eraso egin zion, emakumeak berarekin sexu-harremanak izateari uko egin ziolako.
Akusatuak aitortu du haurra leihotik bota zuela, baina haren defentsa burua nahasita zeukala argudiatzen saiatu da epaiketan, zigorra arintzeko asmoz. Alabaina, zinpeko epaimahaiak ez du argudio hori onartu eta zertan ari zen bazekiela ondorioztatu du.
Horrela bada, epaimahaiko kideek aho batez ebatzi dute umea "nahita" hil zuela eta haren ama hiltzen "ahalegindu" zela. 19:00ak aldera jakinarazi dute epaia, ia bederatzi orduz bilduta egon ostean.
Defentsak iragarri du jada ebazpenaren kontra helegitea aurkeztuko duela.
Fiskaltzak berretsi egin du espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatuko duela Danielentzat, adingabe bat azpikeriaz hiltzeagatik. Epaileak zigor hori ezartzen badio, 25-35 urte igaroko ditu preso, zigorra berrikusi aurretik. Halaber, Fiskaltzak 11 urteko kartzela-zigorra ere galdegingo du harentzat, ama hiltzen saiatu izana egotzita.
Akusazio partikularrek –Aliciaren gurasoak eta Clara Campoamor elkartea- bat egin dute Fiskaltzak egindako zigor eskaerekin.
Zinpeko epaimahaiak erabakia hartuta, datozen egunetan epaileak ebazpena emango du, akusatuak bete beharreko zigorra zehaztuta.