Gizartea -

Migrazioa

Pintaketa arrazistak egin dituzte Irunen, migratzaileak hartuko dituen zentroan

Gazteleraz idatzitako mezuak ziren: “Hemendik, lotara parkera” eta “Hau beltzentzat irekitzea da arrazakeria”.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pintaketa arrazistekin esnatu da Irungo (Gipuzkoa) Martindozenea aterpetxea, bihartik aurrera pasaeran dauden migratzaileak hartuko dituen zentroa, baina dagoeneko ezabatu dituzte.

Pintura beltzarekin egindako pintaketetan gazteleraz idatzitako mezu arrazistak irakur zitezkeen, Antxeta Irratiak zabaldu duenez: "Hemendik, lotara parkera" eta "Hau beltzentzat irekitzea da arrazakeria".

 

 

Txingudiko Mankomunitateko iturrietatik jakinarazi dutenez, 08:50 aldera jaso dute abisua, eta segituan ezabatu dituzte.

Irungo Udaleko ordezkariek, tartean EAJkoek eta EH Bildukoek, sare sozialak erabili dituzte gertakaria salatzeko. Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiaren bozeramaileak ere horixe egin du, eta txio batean salatu du jarrera horiek ez dutela "gizartea ordezkatzen".

 

 

Migrazio mahaian bildutako erakundeek (Jaurlaritza, Aldundia eta Donostiako Irungo udalak), berriz, berretsi egin dute "pasaeran dauden migratzaileei erantzun koordinatua eta proportzionala" emateko konpromisoa.

Martindozenean elkartuko dituzte bihartik aurrera pasaeran dauden migratzaileak, eta orain arteko bi zentroetakoak hartuko ditu. 60 plaza izango ditu guztira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioaren albisteak Gipuzkoako albisteak Gizartea Irun Gaurko azken orduko albistea