Gizartea -
Hilketa matxistaren susmoa
Elkarretaratze isila egin dute Uharten indarkeria matxistaren aurka
19:30ean, talde feministek beste elkarretaratze bat egingo dute, Uharten bizi zen emakume bat "hil egin dutela salatzeko" eta eraso sexisten aurkako mezu hau ozen oihukatzeko: "Eraso sexistei ez".
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira asteazken honetan Uharten, indarkeria matxistaren aurka egin duten elkarretaratze isilean. Uharteko Udalak deituta, herrian izandako ustezko hilketa matxista gaitzetsi, eta genero-indarkeriaren gainerako biktima guztiak gogoratu dituzte.
Legebiltzarreko eta udaleko ordezkariez gain, herritar ugari bildu dira udaletxearen aurrean, 38 urteko emakumearen hilketa salatzeko deitutako elkarretaratzean. Geroago, 19:30ean, talde feministek beste elkarretaratze bat egingo dute, Uharten bizi zen emakume bat "hil egin dutela salatzeko" eta eraso sexisten aurkako ondorengo mezua ozen oihukatzeko: "Eraso sexistei, ez!".
38 urteko emakumea astelehen arratsaldean hil da, Nafarroako Ospitalean, senarrak eragin omen zizkion zauri larrien ondorioz.
Agoitzen emakumeen kontrako indarkeria kasuak epaitzeko ardura duen epaitegiak atzo agindu zuen biktimaren senarra behin-behinean kartzelatzea, baldintzarik gabe, giza hilketa delitua leporatuta. Izan ere, Agoizko instrukzio-epaileak frogatutzat jo du 41 urteko gizonak kolpeak eman zizkiola gorputz osoan emakumeari.
Indarkeria matxistaren aurkako "konpromisoa" berretsi du Foru Gobernuak
Bestalde, emakumeen kontrako indarkeria kasu guztiak deitoratu ditu Nafarroako Gobernuak ohar batean. Ildo horretatik, "emakumeen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta hiritartasunaren kontrako edozein indarkeria" motaren aurrean lanean jarraitzeko "konpromiso irmoa" berretsi du.
Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak ikerketa poliziala eta judiziala "errespetatu" egingo dituela azpimarratu du, baina Nafarroako Gobernuak emakumeen kontrako eraso guztiak deitoratzen dituela gaineratu du.
Olloren esanetan, emakumeen kontrako erasoak "ez dira kasu isolatuak", izan ere, ezagutzera ematen diren kasuak "izozmendiaren punta besterik ez dira". Horren harian, gizartean emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunen erakusle latzenetako bat dela gaineratu du.
Urtarriletik uztailera bitartean, Nafarroan "748 emakumek salatu dute erasoak jasan dituztela", hau da, "eguneko, batez beste, lau salaketa egon dira", Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak azaldu duenez.
Hori dela eta, Nafarroako Gobernutik biktimei babesa helarazteko lanean jarraituko dutela berretsi du Ollok, eta edozein motatako indarkeria matxistari aurre egiteko sentsibilizazio kanpainak bultzatuko dituela gaineratu du.
Udalak "gaitzespen irmoa" adierazi du
Udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin ostean, indarkeria matxistaren aurkako adierazpen instituzionala aho batez onartu du Uharteko Udalak. Ildo horretatik, 38 urteko emakumearen hilketaren aurrean "gaitzespen irmoa" adierazi dute Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek.
Adierazpen horretan, "emakumeek gizartean bizi dituzten indarkeria matxista kasu guztiak" deitoratu dituzte, eta "emakumeen eta gizonen artean ematen diren desberdintasunekin amaitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi dute. Halaber, haien "babesa eta maitasuna" helarazi diete hildako emakumearen senideei eta lagunei.
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak hilketa salatu du
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren egoitzan lan egiten duten beharginek ere elkarretaratzea egin dute goizean, 38 urteko herritarraren hilketa matxista salatzeko.
Jose Luis Arastik, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, nabarmendu duenez, oso garrantzitsua da erakundeek eta herritarrek bat egitea gertatutakoa salatzeko. Halaber, Espainiako Gobernuaren ordezkariak bere babesa adierazi die indarkeria matxistaren biktima guztiei.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.