Gizartea -
Zientzia
Ilargian izotza dagoela baieztatu dute
Hego Poloan, lurzoruan sakabanatuta dauden kraterren barruan aurkitu dute izotz gehiena, baina Ipar Poloan hedatuago dago ur izoztua, denean ez badago ere.
Agentziak | Erredakzioa
Ilargian izotza dagoela baieztatu duten "behin betiko ebidentziak" aurkitu ditu NASArekin elkarlanean aritu den Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaile talde batek. Ilargiko Ipar Poloko eta Hego Poloko “gune ilun eta hotzenetan” aurkitu dute ur izoztua, NASAk bere webgunean jakitera eman duenez.
NASAren espazio-zunda batek aurkitu berri dituen izotz-masa horiek kraterrek sortutako itzalguneetan ikusi dituzte. Ikerketan, Moon Mineralogy Mapper (M3) zunda erabili dute, eta izoztutako ur-masa horiek ilargiaren azalera osoan zehar sakabanatuta daudela baieztatu dute. Hala, “seguruenik aspaldi sortutako ur-biltegiak” direla esan du NASAk.
Ilargiaren lurzoruan dauden kraterren barruan aurkitu dituzten izotz-masek proiektatzen duten distiraren inguruko datuez gain, ura zein egoeratan dagoen (lurrun, likido edo izoztuta) neurtu du zunda horrek.
Hego Poloan, lurzoruan sakabanatuta dauden kraterren barruan aurkitu dute izotz gehiena, baina Ipar Poloan hedatuago dago izotza, denean ez badago ere.
NASAk gogora ekarri duenez, aurretik egindako beste ikerketa batek ilargian izoztutako ura egon zitekeela frogatu zuen. Hala, aurrerantzean egingo dituzten esplorazio-misioetan kontuan hartuko duten baliabidea dela esan du espazio-agentziak. Halaber, lurzoruan aurkitutako izotz-masa horiek barrualdean daudenak baino irisgarriagoak direla gaineratu du NASAk.
Hala, Ilargian aurkitutako izotza nola sortu zen argitzea espazio-agentziarentzat erronka berria izango dela esan du NASAk bere webgunean.