Gizartea -
Asteazkenean hastekoa zen
Pablo Ibar auziko epaiketa berriaren hasiera otsailaren 6ra arte atzeratu dute
Fiskaltzak lekukoak bilatzeko denbora gehiago eskatu du, eta epaileak onartu egin du eskaera.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Ibar auziko epaiketa berriaren hasiera otsailaren 6ra arte atzeratu du astelehen honetan Dennis Baily epaileak. Euskal jatorriko presoaren kontrako epaiketa asteazken honetan, abuztuak 15, hastekoa zen. Ibar 1994tik dago preso, hiru pertsona hiltzea egotzita.
Ibarren defentsak epaiketa azkarra egitea eskatu zuen maiatzean, baina Fiskaltzak lekukoak bilatzeko denbora gehiago eskatu zuen eta Dennis Baily epaileak onartu egin du eskaera.
2000. urtean, AEBko justiziak heriotza zigorra ezarri zion Ibarri, baina Floridako Auzitegi Gorenak heriotza zigorra baliogabe utzi, eta beste epaiketa bat egitea agindu zuen sei urte geroago. Horrela, epaiketa 2019ko otsailaren 6an hasiko da, lekukoen aukeraketarekin.
Pablo Ibarren abokatua aurpegi serioarekin sartu da bulegora. "Nahigabetuta gaude, oso haserre", esan du Joe Nascimento Ibarren defentsako abokatuak epaitegitik irten denean.
Benjamin Waxmanek zuzentzen duen talde defentsariak auziaren epailea Bailey izatea ezetsi zuen maiatzean. Ibarren abokatuek argudiatu zutenez, Bailey Chuck Morton fiskala ibili zen bulegoko fiskal laguntzailea izan zen, eta Morton fiskal gisa aritu zen 2000ko epaiketan, Ibarri heriotza-zigorra ezarri zioten epaiketan.
Lehen epaiketa 1998an egin zuten, baina baliogabetu egin zuten. Pablo Ibarren defentsariek 2014an eskatu zioten Floridako Auzitegi Gorenari epaia baliogabetzeko, eta beste epai bat egiteko, "hainbat frogak erakusten baitzuten Ibar ez zela erruduna".