Gizartea -
Maravillas gaztetxea
Gaztetxeari ‘adostutako irtenbidea’ ematea eskatu dute EH Bilduk, Podemosek eta I-Ek
Beste alde batetik, "gaztetxea lehenbailehen husteko" eta Podemos eta Bilduren “presioari menik ez” egiteko eskatu dio UPNk Nafarroako Gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko alde zaharrean dagoen Maravillas gaztetxea husteko eskaria alde batera utzi eta denen artean “adostutako irtenbidea” bilatzeko eskatu diote ostiral honetan EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak Nafarroako Gobernuari.
Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidenteordeak, aldiz, “legea ez betetzea” ezin zaiela eskatu esan du, eta “erakundeek legea betetzeko ardura” dutela azpimarratu du. Hala, gaztetxea kudeatzen duen kolektiboak proiektu sozial bat martxan duen moduan, “Nafarroa oso handia izanik litekeena da beste interes edo behar batzuk dituzten beste talde eta elkarte batzuk egotea”.
Halaber, gazteek okupatutako eraikina “modu lasaian eta zibilizatuan” husteko nahia plazaratu zuen atzo Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Adierazpen horien aurrean, 2017ko irailetik gaztetxea kudeatzen duen kolektiboak Foru Gobernuaren jarrera kritikatu zuen. Izan ere, “beti errepresioarekin bat” egin izana leporatu zion “aldaketaren gobernuari”, eta gaztetxearen alde “baldintzarik gabeko defentsaren apustua” agertu zuen.
Bestalde, “denen artean hitz egin eta adostutako irtenbidea bilatzeko ordua” dela esan du EH Bilduk. Bakartxo Ruiz parlamentariaren esanetan, Maravillas gaztetxea "badaezpada husteko eskaera baztertzea" da egoerari irtenbidea emateko lehendabiziko baldintza. Hala, “zentzuz eta erantzukizunez jokatzeko” eskatu dio Foru Gobernuari, lauko gobernua osatzen duten gainerako alderdiekin bilera egin aurretik.
Podemosi dagokionez, gobernua babesten duten indarrek egin duten bilerara ez joatea erabaki du Orain Baik. Dena dela, sare sozialetan zabaldutako agiri baten bidez gaztetzea husteko eskaria baztertzeko eskatu dio Gobernuari, egoerari “irtenbide politiko bat” eman ahal izateko. Hala, Laura Perezen arabera, elkarteen artean elkarrizketa ahalbidetzea da eman beharreko lehen urratsa.
Dena dela, alderdi horretako beste kide batzuk bileran izan dira. Hala, hutsik dauden eraikinei elkarteek erabilpen bat emateko aukera izan dezaten eskatu du Podemosek, eta Maravillas gaztetxeko egoerari irtenbide bat emateko “elkarrizketaren alde” agertu da.
Izquierda-Ezkerrari dagokionez, bilerara ez du ordezkaririk bidali, baina Udalak eta Gobernuak Maravillas gaztetxeko kideekin bildu behar direla azpimarratu du, egoerari “adostutako irtenbidea” emateko. Ildo horretatik, eraikina husteko eskaria baztertzea lagundu dezakeela nabarmendu du alderdiak, eta neurri horrekin ez datorrela bat ziurtatu du. Hala, auto-kudeaketa oinarri duten proiektuak bultzatzeko Nafarroan hutsik dauden eraikinak okupatzeko sistema bat aztertuko duela iragarri du.
Gaztetxea lehenbailehen husteko eskatu du UPNk
Beste alde batetik, Marques de Rozalejo jauregiaren hustea ezinbestekoa dela esan du UPNk, eta okupazioarekin lehenbailehen amaitzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.
Hala, legea errespetatzeko eta bere betebeharrak betetzeko deia egin dio alderdiak Foru Gobernuari. Ildo horretatik, lauko gobernua osatzen duten gainerako alderdien aurrean “ordena” berrezarri eta Podemos eta Bilduren “presioari menik ez” egiteko eskatu dio.
Azkenik, Uxue Barkosek azalpenak emateko eskaera egin dutela iragarri du UPNk, Maravillas gaztetxearen ondotik eta okupazioarekin bukatzekotan Bilduk ordena publikoaren inguruan jaurtitako mehatxuen aurrean Nafarroako Gobernuak egindako kudeaketa kaxkarra dela eta.