Gizartea -

Gasteizen

Gazte bat atxilotu dute adingabe bati egindako sexu eraso batekin lotuta

Beste adingabe bat ere identifikatu du Ertzaintzak. Erasoa salatzeko, Mugimendu Feministak manifestazioa deitu du gaur 19:30erako, eta Udalak elkarretaratzera biharko, 13:00eratako.

Florida parkean izan da erasoa. Argazkia: EiTB.
Florida parkean izan da erasoa. Argazkia: EiTB.
Florida parkean izan da erasoa. Argazkia: EiTB.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume adingabe bati Gasteizko jaietan egindako sexu eraso bat ikertzen ari dira Arabako hiriburuan.

Segurtasun Sailak esan duenez, bi gizon adingabe identifikatu ditu Ertzaintzak, erasoarekin lotuta. Eguerdian, horietako bat atxilotu du.

Florida parkean izan da erasoa, asteazken goizaldean, Gorka Urtaran alkateak egindako adierazpenen arabera. Radio Euskadin eman du ikerketaren berri. Ertzaintzak eitb.eus-i baieztatu dionez, salaketa jarri du biktima, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko.

Udalaren gaitzespena

Gasteizko Udalak irmo gaitzetsi du erasoa, eta biktimari "laguntza eta hurbiltasuna" eskaini dizkio. Udalak elkarretaratzea deitu du ostegunerako, 13:00etan, Plaza Berrian. Era berean, Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioari batu zaio.

Udalak antolatutako ekitaldi guztietan 5 minutuko geldialdia egingo dute, eta Dato kaletik arratsaldero egiten duten kalejira 5 minutuz gelditzeko eskatu die blusa eta nesken kuadrillei.

Gainera, gauerdian tabernak, txosnak eta gainerako guneak 15 minutuz musikarik gabe izateko eskatu dute.

Mugimendu Feministaren manifestazioa

Gasteizko Mugimendu Feministak manifestazioa eta elkarretaratzea deitu ditu erasoa salatzeko. Martxa 19:30ean abiatuko da txosnagunetik, eta 20:00etan bilkura egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan.

 

 

____________________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andre Maria Zuriaren Jaiak Indarkeria matxista Gizartea Gasteiz