Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
82 urteko gizon batek 78 urteko emaztea hil du Bartzelonan
Esquadra Mossoek atxilotu egin dute, emaztearen homizidioa leporatuta.
agentziak | erredakzioa
Esquadra Mossoek 82 urteko gizon bat atxilotu dute 78 urteko emaztea arma zuriz hil duelakoan. Bartzelonako Sants-Montjuic barrutian izan da hilketa, eta ustezko hiltzailea bere buruaz beste egiten saiatu da.
Bikotearen semeak eman die gertatutakoaren berri Esquadra Mossoei, 13:20 aldera. Aita eta ama etxean zaurituta aurkitu dituela esan die, Poliziak jakitera eman duenez.
Agenteak eta larrialdietarako zerbitzuak bertaratu direnerako, emakumea hilda zegoen, arma zuri batez eragindako zaurien ondorioz.
Gizona, berriz, larri zaurituta aurkitu dute, arma zuri batez bere burua zaurituta, antza, eta ospitalera eraman dute.
Esquadra Mossoek atxilotu egin dute, homizidioa egotzita, baina ikerketa abiatu dute gertatutakoa argitzeko.