Gizartea -
Abisu horia
Bero itogarria gaur Hego Euskal Herrian, 32 eta 38 gradu arteko tenperaturekin
35 gradu espero dira Bilbon, 38 Tuteran, 32 Donostian eta 37 Arrasaten, besteak beste.
eitb.eus
Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du astelehen honetarako, Ebro ibaiaren ardatzean 38 gradurainoko tenperaturak espero direlako.
Ohar batean azaldu duenez, tenperatura beroak eta muturrekoak aurreikusi dituzte: 32 gradu baino gehiagokoak kostaldean eta 36 gradutik gorakoak ipar isurialdean. Tenperatura minimoak, berriz, 19 eta 17 gradu artean ibiliko dira.
Ebro ibaiaren ardatzean, 38 gradu baino gehiago egin ditzake, eta 24 egingo omen ditu Nafarroako Pirinioetan. Asteartetik aurrera, behera egingo du tenperaturak, eta Ebro inguruan bakarrik gaindituko dituzte 30 graduak.
Astelehenerako iragarpena
Astelehenean, zerua oskarbi edo laino gutxirekin agertuko da, eta egunaren lehen erdian, behe-lainoa egon daiteke kostaldean.
Haizea ahul eta aldakor ibiliko da, hegoaldekoa nagusituz. Ipar-ekialdera egingo du eguerdian kostaldean, arratsaldean ipar isurialdean eta gauean gainerako tokietan.
Hauek dira gaurko iragarri dituzten tenperatura minimo eta maximo batzuk: Lizarra 18-37, Iruñea 17-37, Erronkari 17-37, Tutera 21-38, Bilbo 20-35, Donostia 20-32, Gasteiz 15-37, Arrasate 18-37 eta Guardia 17-36.