Gizartea -
Atxilotua
Angel Boza 'La Manada'ko kidea, epailearen esku
2016ko sanferminetan emakume bati gehiegikeriak egiteagatik zigortutako sevillarra betaurreko batzuk lapurtzeagatik eta ondoren segurtasun agenteak harrapatzen saiatzeagatik atxilotu zuten.
agentziak | erredakzioa
Angel Boza 'La Manada'ko kidea epailearen esku jarri dute arratsaldean. Betaurreko batzuk lapurtzeagatik eta ondoren segurtasun agenteak harrapatzen saiatzeagatik atxilotu zuten asteazkenean.
Lehentxeago, Sevillako Udaltzaingoaren aurrean deklaratzeari uko egin dio Bozak. Nafarroako Lurralde-auzitegiari atxiloketaren berri eman diote.
Agustin Martinez Becerra Bozaren abokatuak azaldu duenez, 'La Manada'ko kidearen atxiloketa Nafarroako Lurralde-auzitegiari jakinarazi diote; izan ere, 2016ko sanferminetan gazte bati sexu-abusuak egiteagatik zigortu zuen bertako auzitegiak, nahiz eta oraindik epai irmoa ez izan, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean helegitea aurkeztu baitzuten.
Polizia iturrien arabera, 2016ko sanferminetan emakume bati sexu-gehiegikeriak egiteagatik zigortuak 200 euroko betaurreko batzuk lapurtu nahi izan zituen. Horretarako, merkataritza zentro batean sartu eta saltzaile bati betaurreko batzuk erakusteko eskatu zion.
Orduan, segurtasun alarma kendu zien betaurrekoei eta soinean zeramatzan beste batzuk itzuli zizkion dendako langileari.
Baina dendaria ohartu egin zen eta segurtasun zerbitzuei abisatu zien. Hala, segurtasun agenteak aparkalekuan aurkitu zuten Boza, eta bat zauritu egin zen lapurraren autoak harrapatuta.
Aparkalekutik ateratzean, dena den, poliziek atzeman egin zuten Boza, eta betaurrekoak soinetik kendu eta ezkutatu egiten zituela ohartu ziren.
Orduan, Bozak galdetu zien ea segurtasun langileak aparkalekuan eman zion kolpeagatik gelditu ote zuten, baina agenteek atxilotuta zegoela jakinarazi besterik ez zioten egin.