Gizartea -
8 hilabeteko ikerketa
Kokainarekin trafikatzen zuen talde bat desegin dute Irunen
Sei pertsona atxilotu dituzte, eta Polizia Nazionalak bi miaketa egin ditu, kokaina eta haxix kilo erdi atzemanda, telefonoez eta diruaz gain.
eitb.eus
Polizia Nazionalak kokainarekin trafikatzen zuen talde antolatu bat desegin du Irunen, hiritarren laguntzari esker, eta sei pertsona atxilotu ditu.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ohar baten bidez zabaldu duenez, atxilotuei talde antolatu baten kide izatea eta drogarekin trafikatzea leporatu diete.
Agenteek, gainera, bi etxebizitza miatu dituzte eta, operatiboan, 500 gramo kokaina, 510 gramo haxix, bost baskula, 3.600 euro eskudirutan eta auto bat, telefono mugikorrak eta droga manipulatzeko tresneria aurkitu dute.
Operazioa zortzi hilabeteko ikerketaren ondorio da, hiritarren laguntzari eskeri, oharrak dioenez.
Atxilotuek "haien etxebizitzak erabiltzen zituzten droga ezkutatu eta harremanak izateko, neurriak hartzen zituzten polizia-zerbitzuek atzeman ez zitzaten eta haien bezero gehienak frantziarrak ziren; gertu bizi ziren eta hara jotzen zuten droga erostera".
Era berean, atxilotuetako batek atxilotzeko eta espetxeratzeko sei agindu zeuzkan bere gain. Aginduak Estatu espainiarreko hainbat epaitegik emanak dira.
Ikerketan Iruneko Epaitegiko Poliziaren Tokiko Brigadak eta Poliziaren Txakurren taldeak parte hartu dute, horiek guztiak Polizia Nazionalak EAEn duen Buruzagitzaren baitan daude.