Gizartea -

Hezkuntza Ipar Euskal Herrian

Euskaldunak ez diren ikuskariek zuzendu dituzte Seaskako ikasleen azterketak

Atzo, Bordeleko Errektoretzak azterketa horiek ez zuzentzeko agindua eman zuen, euskaraz egin zirelako. Seaskak umilaziotzat jo ditu bi erabakiak.

Seaskaren protesta, Bordelen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaldunak ez diren ikuskari talde batek zuzendu ditu Seaskako 180 ikaslek euskaraz egindako Zientzietako azterketak.

Brebet frogako Zientzietako azterketa horiek ez zuzentzeko agindua eman zuen atzo Bordeleko Errektoretzak, euskaraz eginda zeudelako, eta erabaki horrek hautsak harrotu zituen.

Gaur goizean Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioko ehun bat ikasle, irakasle eta langile Bordelera joan dira eta bilkura egin dute errektoretzaren aurrean, euren haserrea agertzeko eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Protestan tentsio-uneak izan dira jendarmeekin.

Elkarretaratzea amaituta, Eñaut Elosegi Xalbador ikastetxeko zuzendariak esan du hau guztia "umilazioa" dela.

"Orain jakin dugu euskaldunak ez diren inspektoreek zuzendu dituztela azterketak. Ez dakite euskaraz. Zenbakiak soilik ulertu dituzte. Hau umilazio bikoitza da", salatu du.

Seaskak protestekin jarraituko du eta hurrengo mobilizazioa hilaren 28an egingo dute, Frantziako Tourrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Iparraldea Gizartea Albisteak Hezkuntza