Gizartea -
Indarkeria matxista
Gipuzkoako Auzitegiak berretsi egin du Kote Cabezudoren behin-behineko espetxealdia
Epai-mahaiak uste du argazkilari donostiarrak delituak errepika ditzakeela eta biktimen moralari kalte egiteko arriskua dagoela. Hori dela eta, preso mantentzea erabaki dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berretsi egin du Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari joan den maiatzaren 4an ezarri zioten behin-behineko espetxealdia. Sexu-abusuengatik, iruzurragatik eta sexu askatasunaren aurkako beste hainbat deliturengatik ikerketapean dago.
Akusazio partikularrak eta Fiskaltzak eskatuta, epaileak behin-behinean kartzelan sartzea agindu zuen eta orduz geroztik Martuteneko espetxean dago preso. Epaileak uste du delituak errepikatzeko eta biktimen ondasun juridikoan kalteak eragiteko arriskua dagoela, kontuan hartuta Kote Cabezudok biktimen hainbat argazki saretik kendu ez zituela eta, beraz, Interneten eskuragarri egon daitezkeela.
Defentsak, berriz, Cabezudo libre uztea galdegin zuen, bere kontrako kargu berririk ez zegoela, agintariei desobeditu ez diela eta ihes egiteko arriskurik ez dagoela argudiatuta.
Alabaina, Fiskaltzak helegite horren aurka aurkeztu zuen idatzian esan zuen delituak errepikatzeko arriskua zegoela, baita biktimen moralari min egiteko aukera ere, Cabezudo libre utziz gero.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko epai-mahaiak bere egin ditu argudio horiek eta, areago, zigortzeko moduko delituak egin dituenaren zantzuak badaudela erantsi du ebazpenean. Horrela bada, Cabezudok behin-behinean preso jarraituko du. Erabaki honen kontra errekurtsoa aurkezteko aukerarik ez dago.