Gizartea -

10. urteurrena

Ehunka pertsonak Nagore Laffageri omenaldia egin diote Iruñean

“Horrelakorik berriro ez gertatzea” eskatu du gaztearen amak. “Sexu-erasorik gabeko berdintasunezko jai eta harremanak” aldarrikatu dituzte Andrea eta Astelehen Lilak elkarteek omenaldian.

Artxiboo irudia: EiTB
Artxiboo irudia: EiTB
10 urte bete dira Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik

2:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krimenaren hamargarren urteurrenaren bezperan, ehunka pertsonak Nagore Laffageri omenaldia egin diote Iruñeko Gazteluko plazan. “Sexu-erasorik gabeko berdintasunezko jai eta harremanak” aldarrikatu dituzte Andrea eta Astelehen Lilak elkarteek omenaldian.

"Por tu ausencia, Nagore, zure oroimenez" lelopean, 2008ko uztailaren 7an gertatutakoa gogora ekarri dute. Jose Diego Yllanes psikiatrak Erizaintzako ikasle gaztea hil zuen, neskak sexu-harremanak izateari uko egin zionean.

Homizidio delitu baten errudun jo zuen epaimahaiak, baina hilketa baztertu zuen, nahiz eta akusazioek hori eskatu. 12 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten. Zigortua aske dago orain.

Nagore Laffageren aurpegiarekin kamisetak jantzi eta esku gorriak, sexu-erasoen aurkako ikur, erakutsi dituzte ekitaldian. Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariek omenaldian parte hartu dute, baita alderdi politikoetako ordezkariek ere.

“Horrelakorik berriz ez gertatzeko, guztien artean saiatu behar gara”, esan die Asun Casasola gaztearen amak manifestariei. “Halakorik berriro ez gertatzea” eskatu du Casasolak.

 

Asun Casasola: "Horrelakorik berriz ez gertatzeko guztien artean saiatu behar gara"

 

Nabarmen hunkituta, “festak denontzako” direla aldarrikatu du gaztearen amak. “Kalera ateratzera” eta “eurak egin bezala disfrutatzera” animatu du Casasolak, baina “errespetuz”, azpimarratu du.

Alabari gertatutako “zoritxarraren barruan pribilegiatu” bat dela onartu du Casasolak, beti babesturik sentitu delako. Zentzu horretan, Astelehen Lilak elkarteak “hasieratik” lagundu zuela nabarmendu du. Aldamenean jarri eta maitatu zuten, erantsi duenez.

Guzti horregatik, eskerrak eman dizkie gaztearen amak, baita Iruñeko alkateari ere. Era berean, ekitaldian parte hartu dutenei eta Helena Taberna zinemagileari eskerrak eman dizkie. Alaba hil ondoren dokumentala egin zuen Tabernak. Casasolaren hitzetan, institutu ugaritara joan da dokumentalarekin, “niretzako terapia” modura.

Azkenik, bi eskakizun egin ditu Casasolak: “zerbait gertatzen denean, mesedez, biktimari babesa eman” eta “bidegabekeria bat dagoen bakoitzean kalera atera”.

Casasolaren eta kolektibo feministen borroka goraipatu du Ana Ollo Foru Gobernuren Hiritarrekiko Harremanen kontseilariak. Herritarren erantzunean “mugarri” izan direla ziurtatu du Ollok.

“Sexu indarkeriari aurre egiteko orduan inflexio puntu” bat izan da, “duela bi urteko bortxaketa bezala”, gaineratu du 'La Manada' auziari erreferentzia eginez.

Elkarretaratzearekin duela hamar urte Yllanesek Nagoreri kendutako “ahotsa eta hitza” eman nahi izan diotela nabarmendu du Tere Saez antolatzaileen bozeramaileak. “Justizia konpontzailea eta ez patriarkala” eskatu du Saezek. “Hilketa izan zen, alkoholak ez dituelako jokabide matxistak arintzen eta aberats izatea ez da sekula aringarri bat”, gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Sanferminak Gizartea Irun Albisteak Matxismoa Feminismoa Iruñeko Udala