Gizartea -
Ibilgailuentzako
Bilboko Euskalduna zubia itxi behar izan dute egitura mugitu delako
Botikazar Ibarreko bizilagunak danbateko batekin esnatu dira, eta gertatutakoaren abisua eman diote Ertzaintzari.
eitb.eus
Bilboko Euskalduna zubia itxi behar izan dute, egituran irristatze bat gertatu ondoren, Radio Euskadik aurreratu duenez. Zubia ibilgailuentzako itxita dago, oinezkoentzako bakarrik 09:15 aldera zabaldu ondoren.
Konkretuki, zubia oinezkoentzako zabalik dago, baina Deustuko kiroldegiaren parean dauden espaloietatik soilik, Udalak zehaztu duenez. Horrela, egitura mugitu den tokitik oinezkoak pasatzea saihestu nahi dute arduradunek.
Gertakaria 05:00ak aldera jazo da. Botikazar Ibarreko bizilagunak danbatekoarekin esnatu dira, zubia hautsi den unean, eta Ertzaintzari abisua eman diote.
Zubiko egituraren haustura begi-bistakoa da zubiaren estalkian. Hormigoizko plaka bat apurtu egin da. Gutxi gorabehera metro erdiko haustura bat da.
Irristatzea Botikazar Ibarreko zonan gertatu da, zubiaren behealdean. Udaleko teknikariak, suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira.
(Euskalduna zubia oinezkoentzako berriro zabaldu duten unea. Argazkiak: EiTB)
Behin-behineko neurri bat dela azaldu du Udaltzaingoko bozeramaile batek, teknikariek gertatutakoa aztertu bitartean.
"Badaezpada eta segurtasunagatik" zubia ixteko erabakia hartu dute Udaleko buruzagiek. Dirudienez, asentatze mugimendu bat izan da; duela urte batzuk gauza bera gertatu zen.
Arrakalan plaste batzuk jarri dituzte, zubiaren estalkiak behera egiten jarraitzen duen egiaztatzeko.
Asier Orbe EHUko ingeniaritza irakasleak Radio Euskadin azaldu duenez, “lehen begiratuan asentatze bat ematen du” eta “zubiari eragin dionik ez du ematen”.
Trafikoa hiriko beste sarbide batzuetatik desbideratzen ari dira. Itsasadarra zeharkatzeko beste zubi batzuk erabiltzeko gomendioa eman du Udaltzaingoak, hala nola Deustu, Salbeko edo Mesedeetako zubiak. Era berean, Bilbora sartzeko bide alternatiboak erabiltzea gomendatu du Udalak, Sabino Arana etorbidea ala Campo Volantin esaterako.