Gizartea -

San Jurgiren figura

Lizarrako 'zoritxarreko' lana salatuko du Zaharberritzaileen Elkarteak

“Herritarrei lapurreta” egin dietela uste du ACREk. Bestalde, “zigor posibleak” aztertzen ari direla adierazi du Nafarroako Gobernuak.

Lizarrako (Nafarroa) elizaren San Jurgi eskultura. Argazkia: ACRE/EFE
Lizarrako (Nafarroa) elizaren San Jurgi eskultura. Argazkia: ACRE/EFE
Lizarrako (Nafarroa) elizaren San Jurgi eskultura. Argazkia: ACRE/EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lizarran (Nafarroa), XVI. mendeko egurrezko tailu batean egindako “zoritxarreko” lana salatuko du Espainiako Zaharberritzaileen Elkarteak (ACRE), “Nafarroako kultura ondarea hondatu dutelako”.

Fernando Carrera ACREko presidenteak Lizarrako San Migel elizako San Jurgi hizpide hartuta esan duenez, “ondarearentzat interes eta garrantzi handiko artelana da”. Bertako bikarioak, baina, herriko arte eta eskulan tailer bati eman zion artelana zaharberritzeko ardura.

Tailuari aplikatu zaizkion kolore uniformeek, batez ere, San Jurgiren aurpegiari, batzuen haserrea eta beste batzuen irria eragin du sare sozialetan. Emaitzaren kalitate eskasa ikusita, Borjako 'Ecce Homo'rekin alderatzen hasi dira.

Iruñean tailerra duen zaharberritzaile batek ACRE ohartarazi zuen, lanaren emaitza sare sozialetan ikusi ondoren; izan ere, prozesuaren irudiak sare sozialen bidez argitaratu zituzten Lizarrako tailer horretako arduradunek eurek.

 

ACRE: "Oso gertakari larria da"

 

Carreraren hitzetan, “oso gertakari larria da”, horrelako artelanak “herentzia bat direlako, guztien ondarea direlako, eta guztiok dugu babesteko ardura. Suntsipenak, kasu honetan, guztiak ikaratu beharko gintuzke”. “Herritarrei lapurreta” egin dietela erantsi du ACREko presidenteak.

Bestalde, eskulturan egindako lana “zaharberritze printzipioen aurkakoa” izan dela esan du Ana Herrera Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilariak. “Zigor posibleak” aztertzen ari direla aurreratu du.

Parrokiak egindako zaharberritze prozesuan, “tailuaren irudi originala ez da errespetatu”, kontseilariaren ustez, “polikromia bezalako osagaiak aldatu eta irudi artifizial bat eman baitiote”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Salaketak Artea Gizartea Kultura Albisteak Lizarra