Gizartea -
Indarkeria matxista
Iruñeko Udalak sanferminetan 'kaleak betetzeko' deia egin die emakumeei
‘Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske’ izeneko kanpaina aurkeztu du Udalak, sanferminetan gertatutako eraso sexisten aurrean modu koordinatuan erantzuteko.
Agentziak | Erredakzioa
‘Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske’ izeneko kanpaina aurkeztu du Udalak, sanferminetan gertatutako eraso sexisten aurrean modu koordinatuan erantzuteko. Aurkezpenean, "inoiz baino gehiago" jaietara etortzera animatu ditu emakumeak.
"Iruñeak oso jarrera argia dauka eraso sexisten aurka, tolerantziarik gabekoa. Orain, inoiz baino gehiago, emakumeok kaleak bete behar ditugu sanferminetan", esan du Berdintasun eta LGTBI zinegotziak, Laura Berrok.
‘La Manada’ko kideak aske utzi dituzten eta sare sozialetan jaietara ez joateko deia zabaldu den honetan, udalak "prebentzio lanak" egiten dituela esan du Berrok, eta sexu-eraso bat gertatzen denean, erantzuna ematen duela, hiritarren, instituzioen eta mugimendu feministaren arteko "hiruko aliantzarekin". Zinegotziaren arabera, Iruñea "oso hiri segurua da, badakielako hau gertatzen dela, ikusgai egiten duelako eta erantzuna ematen diolako".
"Sanferminak munduko jairik onenak dira, eta hori hala bada, indarkeria matxistaren aurka borrokatzen dugulako da, jaiak aberasten ditugulako eta lan egiten dugulako emakumeak askeak izan daitezen, gauez eta kaleetan", nabarmendu du zinegotziak. Bere ustetan, "bereziki orain bete behar ditugu kaleak eta gauak, gureak ere badirelako".
Segurtasun eta Bizikidetza zinegotzi Itziar Gomez zinegotziak esan duenez, Iruñeak “’ez ezetz’ dela esan du”, eta Udala "guztiz inplikatuta" dago kanpaina "errealitatea" izateko. "Emakumeak eta gizonak askeak diren Iruñea nahi dugu, eta horretarako lan egiten dugu", esan du.
Bestalde, Edurne Eguino Ekintza Sozialeko zinegotziak estrategian aurreikusten diren ekimenak zehaztu ditu, eta datozen jaietarako "nahi bakarra" erakutsi du: "zerbitzua aktibatu beharrik ez izatea" sexu-eraso baten aurrean.
Esku gorria
Beste behin, Udalak esku gorria jarri du emakumeen aurkako indarkeriaren aurka instituzionalki eta sozialki jartzen den hiriaren sinbolotzat.
Gazteluko plaza izango da herritarren informaziorako gunea, San fermin jaietan sexu-erasoen aurkako kanpainari buruz. Informazio puntuak honako ordutegi hau izango du: uztailaren 5ean, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta 6tik 14ra, 12:30etik 14:00etara eta 16:30etik 00:00etara.
Segizio sozialaren babes zerbitzua eskatzeko aukera izango da bertan, baita biktimek eta haren inguruak arreta sozialean kobertura teknikoa lortzeko ere. Hamar profesional bost txandatan banatuko dira, San Fermin jaietako egun guztietan 24 orduz egoteko.
Hiru protokolo daude sexu-erasoen aurrean, eta kasurik egonez gero, martxan jartzen dira: Esku-hartze poliziala, arreta protokoloa eta segizioa eta herritarren eta instituzioen erantzun protokoloa.
Halaber, polizia gehiago izango dira jaietan, segurtasuna hobetzeko, emakumeentzat segurutzat jotzen ez diren guneetan.
______________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.