Gizartea -
Erakusketa
Bizkaiko Batzar Nagusiak salatu dituzte sentimendu erlijiosoen aurkako delituagatik
‘Bilbao Bizkaia Pride 2018: artea sexu aniztasunaren alde’ erakusketako hainbat irudirengatik iritsi zaio Abokatu Kristauen salaketa, “kristauen aurkako irudi iraingarriak” direla iritzita.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak Bizkaiko Batzar Nagusien aurkako salaketa jarri du erakusketa batean "kristauen aurkako irudi iraingarriak" daudelako, eta hori sentimendu erlijiosoen aurkako delitua dela uste duelako.
Elkarteak ohar batean azaldu duenez, salaketa Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusien presidentearen eta Alberto de las Heras 'From Russia with love' irudien egilearen aurka aurkeztu dute.
Lau iruditan jarri du arreta elkarte erlijiosoak, "Bilbao Bizkaia Pride 2018: artea sexu aniztasunaren alde" erakusketakoak. LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako erakusketa da.
Abokatu Kristauek azaldu dutenez, irudietako batean "Jesukristo sadomasokistaz jantzita ageri da, droga dirudien zerbait erretzen, eta idatzi sakratuen ordez, irudi pornografikoak dituen liburu bat darama".
Beste irudi batean "San Pedro eta San Pablo musukatzen" ageri dira, eta beste batean "aingeru bat biluzik dago Femeneko kide itxurarekin". Laugarrenean, "Amabirjina eta Jesus aurpegia estaltzeko zapiekin agertzen dira", zehaztu dute.
Elkarteak irudi horiek kentzeko eskatu du, eta sinadurak biltzen ari da eskaera horren alde.
Polonia Castellanos abokatu kristauen ordezkariak "errespetua" eskatu du kolektibo horrentzat, eta "onartezin" jo du "bazterkeria baten kontrako borrokarako beste batzuen sentimenduak erasotzea eta iraintzea".
Castellanosek galdetu du ea zer gertatuko litzatekeen "irudi kristauak izan beharrean Jaurlaritzako kideekin egin izan balute", eta azpimarratu du ez dela Bilbon "antzeko zerbait" gertatzen den lehenengo aldia.
"Iaz gotzaingoak konpartsa bat salatu behar izan zuen 'Vatikanoko harategia' lelopean Kristo gurutziltzatuta erakusteagatik. Aldi hartan, epaileak kenarazi egin zien", gogorarazi du Castellanosek, oraingoan ere "Justiziak norabide berean" jokatuko duen esperantzarekin.
PPk ere eskatu du irudiak kentzea, herritar askoren sentimendu erlijiosoen aurkakoak direlako. Horren aurrean, Otaduik esan du "zentsurarik gabeko sorkuntzaren eta artearen" alde egiten duela.