Gizartea -
Indarkeria matxista
Fiskaltzak, Iruñeko Udalak eta Foru Gobernuak 'La Manada'ren autoa errekurrituko dute
Epaitegi berak ebatziko ditu, baina ezarritako fidantza ordainduz gero, aske utziko dituzte, nahiz eta erabakia hartuta ez egon.
agentziak
Nafarroako Fiskaltzak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak erregu helegitea aurkeztuko dute Nafarroako Probintzia Auzitegiak 'La Manada' aske uzteko hartutako erabakiaren aurka. Auzitegiak 6.000 euroko fidantza ezarri zien atzo 2016ko sanferminetan 18 urteko neska bati sexu-abusuak egiteagatik zigortutako bostei. Isabek Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, Pedro Sanchezen Gobernua auzian pertsonatzeko aukera aztertzen ari da.
Estatuko Fiskaltza Nagusiko iturriek baieztatu dutenez, Fiskaltzak erregu helegitea aurkeztu du Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioan, 'La Manada' aske uzteko erabakiaren aurka. Iruñeko Udalak ere helegitea aurkeztuko du, Joseba Asiron alkateak aurreratu duenez. "Amaierara arte jarraituko dugu, aske uzteko erabakiaren kontra helegitea aurkeztuko dugu", adierazi du Iruñeko alkateak hedabideen aurrean. Erabakiak ez du Nafarroako Gobernua ere asetu eta honek ere helegitea iragarri du, ihes egiteko eta delitua berriro egiteko arriskua dagoela iritzita.
Helegiteak atzo erabakia hartu zuen epaitegi beraren aurrean aurkeztu behar dira eta ez daukate berehalako eraginik, hau da, 'La Manada'ko bostek fidantza ordaintzen badute aske geratuko dira, nahiz eta helegiteak ebatzi gabe egon.
Ez dago epe mugarik 'La Manada'ko bost kideak aske uzteko erabakiaren kontra jarritako helegiteak ebazteko.
Zigortuen -hiru Iruñeko kartzelan daude eta beste bi Alcala Mecon- familiek eta ordezkari legalek beharrezko izapideak egiten ari dira fidantza ordaindu eta epailearen baimena jasotzeko, kalera irten ahal izateko. Datozen orduotan gertatzea espero da.
Aske uzteko erabakia
Atzo, osteguna, Nafarroako Auzitegiak 'La Manada'koak behin-behinean aske uzteko erabakia hedabideetara filtratu zen, baina gaur arte auzitegiak ez die autoa aldeei helarazi.
Nafarroako Auzitegiaren iritzian, iraganean 'La Manada'ko bost kideak kartzelan sartzeko zeuden arrazoiak desagertu egin dira. Are gehiago, ihes egiteko arriskua behin-behineko espetxealdia ez den beste neurri batzuekin eragotzi daitekeela eta delitua berriro egiteko arriskurik ez dagoela uste du.
Epaimahaiaren esanetan, auziaren instrukzio fasean kartzela eskari handia izan zen bost gazteak espetxeratzeko argudio nagusietako bat. Alabaina, auzitegiak uste du arrazoi hori desagertu egin dela epaiak zigor txikiagoak ezarri dizkienean. Zigortutako bost gazteek anonimatua galdu ostean delitua berriro egiteko arriskua "gutxi gehiago pentsaezina" dela iritzi dio.