Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Donostiako Udalak Kote Cabezudoren biktimak babestu ditu adierazpen baten bidez
Bere bitarteko guztiak argazkilari donostiarraren biktimen eskura jarriko dituela eta erasoak gaitzesteko antolatu daitezkeen mobilizazio guztietan parte hartuko duela jakinarazi du Udalak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Udalak aho batez onartu du Kote Cabezudo argazkilariaren biktimei elkartasuna eta babesa helarazteko adierazpen instituzionala. Cabezudo sexu-gehiegikeriak egiteagatik eta pornografia delituengatik ikertzen ari dira eta egun behin-behineko espetxealdian dago. Biktima asko modelo adingabeak dira.
Bozeramaileen Batzordeak goizean aztertu du adierazpena eta talde guztiek (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Irabazi eta PP) aldeko botoa eman dute, Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez.
Gauzak horrela, Udalaren bitarteko guztiak Kote Cabezudoren biktimen eskura jarri dituzte eta horiei guztiei laguntzeko Udalak aurreikusita dituen protokoloak martxan jartzeko prest daudela jakinarazi dute.
2013an abiarazi zuten argazkilari donostiarren kontrako auzibide penala, hainbat delitu egotzita, besteak beste, bortxaketa, sexu-abusuak, iruzurra, irainak, mehatxuak eta ikuskizun pornografiko edo exhibizionistetara joan izana.
Joan den maiatzean, Cabezudo behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, leporatzen zaizkion delituak errepikatzeko arriskua zegoela iritzita eta biktimen "ondasun juridikoa" kaltetu zuela ikusita; izan ere, biktima batzuen argazkiak ez zituen Internetetik kendu eta sarean ikusgai zeuden oraindik.
Donostiako Udalak elkartasuna adierazi die sexu-erasoak pairatu dituzten biktima guztiei eta haiei babesa emateko eta eraso hauek gaitzesteko antolatu daitezkeen herri mobilizazioetan parte hartuko duela iragarri du.
Kote Cabezudoren biktimentzat justizia eskatzen ari diren pertsona guztiekin elkarlanean aritzeko prest agertu da Udala, "kasua hirian ezagutu dadin".
"Ahal den neurrian", ikerketan laguntzeko ere prest dagoela jakinarazi du Udalak.